Aritzeta abesbatzak duela 30 urte jo zuen lehenengo aldiz San Martin jaietako danborradan. Ordu arte, danborradan soilik "gizonez osaturiko konpainiak" zeuden, eta Aritzetatik jakinarazi dutenez, orduan egin zen talde mistoetarako aldaketa. Aritzeta abesbatzako kideak emakumezkoak eta gizonezkoak izanik, danborradan parte hartzea erabaki zuten aldaketa horren ostean. "Aritzetaren parte hartzearekin danborradaren beste aro berri bat hasi zen eta ondorioz beste talde misto askok parte hartzeko aukera izan dute" adierazi dute abesbatzatik.
Danborradan parte hartzeko gonbidapena kide ohiei
Aritzeta abesbatzakoentzat "berezia" izango da aurtengo danborrada, hogeita hamargarren urteurrena den honetan Alfredo Gonzalez Chirlaquek konposatutako martxa joko baitute. Aritzeta abesbatzak urte guzti hauetan kide izan diren guztiak gonbidatuta ditu danborradan parte hartzera; arrazoia, honakoa: "Guztiok lagundu izan dugulako daukagun danborrada mantentzera".