'Ameriketara joan nintzan...'

Monika Belastegi Aranzabal 2017ko uzt. 17a, 16:33
Valentin Elkoro eta haren emazte Maria Berho seme-alabetako batzuekin.

Etxea utzi eta bizitza hobe baten bila joan zen Mexikora XIX. mende erdialdean Valentin Elkoro (Angiozar, 1839-Mexiko Hiria,1917). Ekintzaile eta aitzindaria, enpresaburu garrantzitsu bilakatu zen; baita Mexiko Hiriko bizimodu sozialean ere.

Beste askok bezala, Ameriketara bizitza hobe baten bila emigratzeko erabakia hartu zuenean imajinatu ere ez zuen egingo, seguruenik, Valentin Elkoro de Aldekoak Mexikon emango zituen urteez eta sortuko zuenaz. Gazte ausart, azkar, langile eta ekintzailea, arrakasta ekonomikoa eta aitortza soziala lortu zituen; baita gaurdaino iritsi den hiru belaunaldiko familia eratu ere.

Angiozartik Mexikora 

Valentin Elkoro de Aldekoa 1839. urteko azaroaren 2an jaio zen, goizaldeko lauretan, Angiozarko San Migel baserrian. Gurasoak Juan Bautista de Elkoro eta Agustina de Aldekoa izan ziren.

Valentinen lehenengo urteak iskanbila politiko handikoak izan ziren: I. Karlistaldia (1833-1840) galtzeak eragindako gorabeherak eta derrigorrezko soldadutza ezartzea faktore erabakigarriak izan ziren Hego Amerikara migrazio masiboa gertatzeko. Bestetik, Karlistaldiaren ondoren etorritako urteak ere ez ziren lasaiagoak izan: progresisten eta moderatuen arteko liskarrak, karlisten bigarren saiakera, Marokoren inbasioa 1859an…

Hura zen egoera Valentin 20 urte betetzear zela, eta etorkizuna ez zen batere argia. Are gehiago, aipatutako egoera politiko nahasiari, aita hil berri, ondasunik ez zuela ere gehitu behar zaio. Bada, testuinguru hartan, Ameriketara joatea erabaki zuen, bere garaiko beste gazte askok egin zuten moduan. Gainera, bizitza hobe baterako itxaropenaz gain, 1853an hara joandako anaia Esteban zuen han zain. 

Hori horrela, 1859ko urriaren 5ean abiatu zen Mexikorantz, ia ondasun bakar gisa Elgetako alkate Juan Angel Otsoa de Angiozarrek  –sasoi hartan Angiozar Elgetaren jurisdikzio barruan zegoen– eta herriko apaizak, Jose Simeon de Barrondok, idatzitako gutuna zeramala. Honako hau zioen gutunak: Carlos Valentin de Elcoro y Aldecoa… es joven laborioso y de buena vida y costumbres, que constantemente ha observado buena conducta, sin jamas haber oido nada en contrario.

Lehen urratsak Mexikon 

Veracruzko portura iritsi zen Valentin Elkoro, non ezarri berri zen Benito Juarezen gobernu liberal berria, Veracruz Mexikoko hiriburu bihurtuz. Handik San Juan de Potosira joan zen, anaia Estebanek errementaritza tailerra zeukan-eta han.

Poliki-poliki Elkoro anaiak izena egiten joan ziren, eta errementaritza negozioa handitzen. Hori horrela, San Luis Potosi laga eta Mexiko Hirian burdina depositua eta gurdi fabrika jarri zuten. Aldaketa hura erabakigarria izan zen Valentinen bizitzan, eta, Mexikon denbora laburra eroan arren, etorkizun sendoa ereiten hasita zegoen enpresaburu moduan. Kontuan izan behar da sasoi hartan hirietako garraiobide nagusia gurdiak eta karrozak zirela, baita hirien artekoak ere, trenbideak eraikitzen hasi berriak zirelako. Karrozeria oso ideia ona zen; izan ere, gurdiak, karrozak eta animaliaz lagundutako ibilgailuak egitea garraiobide nagusi ziren mundu osoan.

Gazte azkarra eta ekintzailea izanik, berehala hartu zuen negozioaren ardura eta berau zuzentzen hasi zen Elcoro y Compañia izenarekin. 

Negozioa ondo zihoan eta 1874rako, Mexikon Sebastian Lerdo de Tejadak agintzen zuenerako, Zocalo ingurura aldatu zuten. Hirian baziren halako negozio gehiago, baina Carroceria Elcoro gailendu egin zen guztien artean gurdi eta karroza modelo ezberdin asko egiten zituelako, partikularren eta gobernuaren eskari espezifikoei erantzunez ere bai, gainera.

Karrozeriarik aurreratuena 

Ordena eta aurrerapena. Horiek izan ziren Porfirio Diazen helburu nagusiak 30 urtez gobernatzen egon zen bitartean –lehenengoz 1876an–: ordena, aurrerapena lortzeko; eta aurrerapena, hazkunde ekonomikoa eta modernitatea lortzeko. Bide horretan, azpiegiturei, industriari… bultzada handia eman zien gobernuak. Sasoi hartan, enpresa-klaseak oinarriak finkatu zituen, eta, testuinguru hartan, Valentin Elkorok bereak. Sistema enpresarial bikoitza garatu zuen: alde batetik, bere negozioak zituen; bestetik, besteen negozioetan inbertsioak egin zituen, hala nola meategietan eta hegazti, paper, garagardo… enpresetan. 

Hala ere, abiatu zituen negozio guztien artean enblematikoena, bere garaian famatu bilakatu zuena eta beste negozio batzuetan inbertitu ahal izateko bultzada eman ziona, karrozeriarena izan zen. Izan ere, lehen esandako moduan, modelo ezberdin asko egin eta eskari espezifikoei erantzuteaz gain, bere garaiko berrikuntza teknologikoetan inbertitzeko sena izan zuen eta horrek inguruan ziren gainerako karrozerietatik ezberdindu zuen; gurdi eta karroza katalogo oso zabala zuen, jendea eta askotariko lehengaiak eroateko balio zutenak. Baina horrez gain, nekazaritzarako zenbait tresna eta makina egiteko gaitasuna ere bazuen Carroceria Elcorok. Halako gaitasunik zeukan beste karrozeriarik ez zegoen. 

Industriarako jauzia 

Porfiritoaren urteetan gora egin zuen nabarmen burdinazko eta altzairuzko artikuluen kontsumoak. Hiriaren handitzeak eta urbanizazioak zerbitzu berriak eskaini beharra ekarri zuen –ura,  drainatze-sistema...– eta horiek egiteko metalezko hodiak behar diren. Eraikuntzan, metalezko  xaflak, iltzeak, hagak... behar ziren, eta komunikabideen garapenak ere –trenbidea, telefonoa, telegrafoa– behar berberak zituen. 

Horrek guztiak fabrika urtzaileen beharra ekarri zuen etahor ere aitzindaria izan zen Valentin Elkoro y Compañiaren urtzailea, 1879an, beste batzuekin batera –litekeena da Mexiko Hiriko lehen fabrika urtzailea izatea…–. Urteekin batera, instalazioak handitzen joan ziren eta egiten zuten produktu sorta ere bai. Erabakigarria izan zen, bestalde, negozioen garapenerako hiriaren erdialdetik kanpo zabaldu izana. Eta aipatzekoa da hedapen hori Valentinen emazte Maria Berhori esker egin zutela, berak jarri zuen-eta urtzailea ezartzeko lursaila erosteko dirua.  

Urrats hura emanda, industriaren munduan murgildu zen; urrats oso ausarta, hemendik hara joandako gutxi ausartzen ziren-eta horretan. 

Angiozartik emigratutako gaztearen negozioak primeran zihoazen: karrozeria Mexikoko garrantzitsuena zen; burdindegi eta mertzeria hirian lan gehien zuena; urtzaileak lan asko egiten zuen tranbia konpainiendako, Ferrocarriles Nacionales de Mexicorako eta burdindegietarako eta euren karrozeriarako. Esandakoez gain, baina, beste zenbait arlotan ere inbertitu zuen Elkorok garaiko inbertitzaile garrantzitsuenetako batzuekin batera: papertegietan, nekazaritza-produktuetan, zementu-fabrikan, banketxeetan eta garagardo ekoizpenean, besteak beste.

Bizitza soziala eta familiarra 

1865. urtean ezkondu zen, euskal jatorriko Maria Berhorekin –Iparraldekoa zen– eta zazpi seme-alaba izan zituzten. Haiek izan ziren, hain zuzen, ondasun guztiak heredatu zituztenak; batzuk, gainera, familiaren negozioetan sartu zituen, Hijos de Valentin Elcoro erakunde berria sortuz. 

Seme-alabak aitaren negozioetan murgilduta zirelaemandako egokitzapen aipagarriena ibilgailuen produkzioarena izan zen. Urteek aurrera egin ahala, karroza eta gurdiak  alboratzen joan ziren barne-errekuntzako motorra asko garatu zelako. Hori horrela, Elkoro familiak garai berrietara egokitzeko beharra ikusi zuen eta karrozak egiten jarraitu bazuten ere, Constructora de Carrocerias SA eratu zuten 1929. urtean beste bazkide batekin batera. 

Aipatzekoa da, bestalde, Mexiko Hiriko bizitza sozialean ere pertsona aipagarria izan zela Valentin Elkoro. Adibide bat ematearren, Casino Español delakoaren presidentea izan zen eta ekintza filantropiko ugaritan hartu zuen parte.

Mexikon bizitza oparoa izan arren, Elkorok ez zuen sekula jaioterria, Angiozar, ahaztu eta hainbatetan joan zen bisitan. Zenbait hobekuntza lanetan ere kolaboratu zuen bertan; edateko ura sartzen, esaterako, 1912. urte inguruan. Herritarren esker onaren erakusle, amaren gorpua auzoko elizako nitxo baten ehortzi ahal izan zuen.

Haren bizitza liburan batuta

Valentin Elkororen senitartekoek liburuan batu duten haren bizitza, birbiloben ekimenez. XIX. mendean hemendik Mexikora joan eta han 58 urtez bizi izandako gizona nor ote zen galdetzen zioten euren buruari; esku hutsik iritsi eta enpresari ekintzaile, herritar aipagarri... izatera iritsi zen gizonaren gaineko xehetasunak jakin nahi zituzten. Hala, haren bizitza ikertu zezan eskatu zioten Hector Luis Zarauz Lopez historialariari. Valentin Elcoro e hijos. Historia de una vida empresarial izenburudun liburua da ikerketa lan haren emaitza. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak