Abian da arropa eta oinetako dendak euskaraz janzteko ekimena

Idazlaguna proiektuarekin herriko merkataritzan euskarari lehentasuna eman nahi zaio eta hiruzpalau hilean behin, ekimen bat abiatzen dute herritarrak ere jabetu daitezen hizkuntza paisaiak duen garrantziaz. Oraingoan, arropa eta oinetakoen 21 dendak hartuko dute parte eta herritarrek euren erakusleihoetan jarritako bertsoak osatu beharko dituzte.

Bergaran 120 komertzio inguru daude Idazlaguna proiektuan izena emanda. Horiek konpromisoa daukate jendaurrean dituzten kartel edota oharrak euskaraz, edo gutxienez, elebitan jartzekoa. Batzuk beraien kabuz moldatzen dira, eta beste batzuei, beharra dutenei idazlaguna edo laguntzailea jartzen zaie.

Aurretik tabernekin, jatetxeekin eta janari dendekin egin izan dituzte kanpainak, eta oraingoan, arropa eta oinetako dendetan egingo dute.

Arropa eta oinetako dendetan

Hilaren 29ra bitartean, Bergarako arropa eta oinetakoen 21 dendak hartuko dute parte ekimenean. Horien erakusleihoetan lau bertso egongo dira eta aukeran ematen dituzten bertso oinak leku egokian jarriz, bertsoak osatu beharko dituzte herritarrek. Bertsoa osatuta eta izen-abizenak jarrita, Jardunera helarazi beharko dira; bulegora bertara joanda, idazlaguna@gmail.com helbidera idatzita edo 605 712 469ra Whatsapp mezua bidalita. Bertsoa abestuz bidaltzen dutenen artean gainera, zozketan bi aldiz sartuko da euren izena, eta ondorioz, saria irabazteko aukera bikoitza izango dute.

Bertso horietan ahalegindu dira Idazlaguna proiektua zer den azaltzen eta hizkuntza paisaiaren garrantzia azaltzen.

Horrez gain, hurrengo egunetan arropa eta oinetako dendetan erosketaren bat eginez gero, txartel bat ere emango zaie zozketan sartzeko bezeroei.

Zozketa hilaren 30ean egingo da eta 60 euroko bi bono zozketatuko dituzte; alde batetik, bertsoa osatu dutenen artean, eta bestetik, txartel zenbakidunen artean.

Idazlaguna proiektuaren eta ekimen horren antolatzailea Jardun da, baina Bergarako Udalaren eta Bedelkarren babesa du. Udaletik adierazi dute gainera, Udalak apustu garbia egiten duela "herriko merkataritza indartzearen alde, eta herriko merkataritza euskaraz egitearen alde".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.