Eguraldiak lagundu ez arren, Pentekoste jaiak "oso ondo" joan dira

Ane Vitoria 2017ko eka. 7a, 12:51

Atzo arratsaldean amaitu ziren Bergarako jaiak Bitorianatxoren igoerarekin. Aurtengo jaietan, "intzidentzia gutxi" izan dira udaltzainen arabera, eta, gainera, euria gailendu den arren, bergararrek ez diete uko egin jaiei. Aurtengo festen inguruko balorazioa oso positiboa egin du Bergarako Udal Gobernuak.

Eguraldi ona egin duen egunetan, jaiak "apartekoak" izan direla esan du Maite Agirre Kultura zinegotziak. Eta, euria egin duen egunetan ere, herritarrak "oso ondo erantzun" dutela azpimarratu du. Hala ere, hainbat ekitaldi bertan behera gelditu behar izan dira, eta, beste batzuk lekualdatu.

Jaien hasieran, hain zuzen, Bitorianatxoren jaitsieran, herritar batzuen txistuak entzun ziren, protesta bezala. Eta herri bazkarira ere aurten jende gutxiago joan da. Iaz, adibidez, 700 pertsona inguru bildu ziren mahai inguruan. Aurten, ordea, 200 bat bergarar gerturatu dira herri bazkarira. Udalak alkohola ez zerbitzatzeko hartutako erabakiarekin zerikusia izango du seguruen herritarren zati batek bizkarra eman izanak herri bazkariari.

Jaietako beste alde negatiboa lapurretak izan dira. Izan ere, egunotan guztira 29 lapurreta salatu baitira, batez ere, diru-zorroak eta mugikorrak izan dira ostu dituztenak, Bergarako udaltzainen arabera. Boteiloiari dagokienez, gutxiago izan dira aurten, eta liskarrak ere ez dira apenas izan. Horregatik, oso "jai lasaiak" izan direla esan du Alfonso Alonso Bergarako udaltzainburuak; batez ere, beste urte batzuetako festekin alderatuz.

Txosnetan ere "giro aparta"

Zapatu iluntzean, txosnetan lapurreta izan zen baina, ekintza solte hori alde batera utziz, Xaxau konpartsakoen iritziz aurtengo Bergarako jaiak "oso ondo" joan dira. Txosnak lepo bete dira egunero eta jendeak ekintza denetan parte hartu du. "Ez da igarri eguraldi txarraren eragina, jende asko ibili delako. Adibidez, Omen taldeak eskaini zuen kontzertuan jende asko izan zen, eguneko azkena izateko. Ostiral gauean ere jende asko zebilen eta zapatu goizeko gaupaseroen argazkiari buruz zer esanik ez. jaiak oso politak izan dira", esan du Xaxau konpartsako kidea den Nerea Madariagak.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak