Ikasturtean ikasitakoa taula gainera

Ekainaren 9an, egubakoitza, Musika eta Dantza Eskolako ikasleek ikuskizun berezia eskainiko dute (22:00etan San Martin Plazan). Estilo desberdinak jorratuko dituzte, emanaldi horretarako espresuki prestatutako koreografiak hainbat musika piezaren moldaketen doinuan dantzatuta.

Eneko Galdos irakaslearen gidaritzapean, sei urtetik gorako 50 dantzari batuko dira taula gainean (ikasleak, irakasleak zein gurasoak), 17 musikarirekin eta ahots bakarlariarekin batera.

Bergarako Musika eta Dantza Eskolan urtean zehar dantza tradizionalak lantzen dituzten arren, sormen lana ere jorratzen dute, eta egubakoitzeko ekitaldia horren erakusle izango da. Besteak beste, kalejira eta aurreskua, habanera, polka, banakoa eta arin arina dantzatuko dute, guztiak ere espresuki sortutako koreografiekin.

Dantza horiei laguntzeko, askotariko estiloetako kantuen moldaketak ere prestatu dituzte: Xabier Solanoren fandangoa, Ezpatadantza Amaya, Amélieren soinu bandako abestia, Huntza taldearen kalejira, folk musika…. ahotsa, akordeoia, flauta, dultzaina, txistua, biolina, txeloa, gitarra akustikoa, trikitia, tronpetak, bonbardinoa eta tuba eta bateria izango dira horretarako erabiliko dituzten instrumentuak.

Beñat Kortabarria eta Alaine Egizabal arituko dira aurkezle lanetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.