Dirua lapurtu zuten itxita zegoen txosna batetik. Xaxauk gogora ekarri duenez, Bergarako hainbat gaztek hilabeteak daramatzate "guztiontzat gozagarriak" izaten ari diren jaiak antolatzen: "Gure helburu bakarra, jai giro herrikoia sustatzea. Uste dugu eraso hau ez dela izan soilik Xaxau konpartsaren aurkakoa. Herri osoari egin diote eraso: Bideberrin parrandan gozatu dugunoi, jai giro osasuntsua sustatu dugunoi, txandetan jo eta ke ibili garenoi, bertako jaki eta edari ederrak prestatu eta dastatu ditugunoi. Azken finean, herri bizi eta koloretsu bat eraikitzen dugun guztioi".
Gertaerarekin "triste" badaude ere, gertaerak ez ditu jaiak zapuztuko: "Herritarron dirua lapurtu dute, baina gure ametsek eta gogoek festan jarraitzen dute! Mila esker txosnagune alai bat posible egiten ari garen guztioi, ederki gabiltza! Eta gora txandetan parte hartzen ari garen herritar guztiak, biba gu! Jaixak dittunk! Gora Xaxau eta gora jai herrikoi, alai eta koloretsuak!".