2011n hasitako tradizioari jarraiki, ongietorria egingo diete haur jaioberriei. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo dute ekintza, 11:30ean. Hitzordua gogoan, iazko Pentekoste jaietatik gaur arte jaio diren haurrei egin diete gonbita.
Aipatu bezala, udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo dute ongietorri ekitaldia; jaietako zapia jarriko diete haurrei, banan-banan. Horren ondoren, talde argazkia egingo dute San Pedro elizaren atarian. Lehen urteetan, osoko bilkuren aretoko eskaileretan egiten zuten argazkia, baina, jende kopuruagatik, lekua aldatu behar izan dute.
Kasuak kasu, antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekitaldia amaitzean, Bitorianatxorekin argazkia ateratzeko aukera ere izaten dute bertaratutakoek.
80 haur inguru
Egitasmoaren antolatzaileak hasiak dira gonbidapen gutunak bidaltzen. Antolatzaileek esandakoaren arabera, orotara, 80 haur inguru gonbidatu dituzte. Azken urtean jaiotakoak dira horiek guztiak. Bestetik, gogorarazi dute deialdi irekia dela, eta, hori horrela, Bergaran jaio ez baina guraso edo aitona-amonak herrikoak dituen haurrak ere esku har dezakeela.
Izan ere, harrera ona izan ohi du egitasmoak. "Parte hartzen dutenak pozik etortzen dira;batez ere, aitona-amonak", azaldu dute antolatzaileek.
Aurten, zazpigarrenez
Zazpigarren edizioa da aurtengoa; 2011n jaietako batzordean jasotako proposamena du oinarrian. "Haur jaioberriak jaietan integratzea" da asmoa.