Euskal Herriko Inertzia Kirolen egutegiaren barruan Bergarakoa urteko hirugarren hitzordua izango da, eta aurtengoa ere ikusgarri dator. Pilotu asko batuko dira bertan, asko etxekoak, eta zaleek gertu-gertuan jarraitu ahal izango dituzte goitibeheren nondik norakoak: "Inoiz pentsatu izan dugu jaitsiera aldatuz gero non egingo genukeen, baina San Martzialgo jaitsierak hainbat gauza on ditu: Herritik oso gertu dago eta zale asko etortzen da, eta maldak ikusgarriak dira", dio Julen Markezek.
Izan ere, Bergarako goitibeheren lasterketa Asentziotik Angiozarrera ere egin izan dute: "Eta leku ikusgarria da, baina herritik urrun dago, Angiozarrera joan beharra dagoelako. Beste aukera bat Gorla ere izan daiteke, horren gainean ere egin izan dugu berba, baina hor zirkulazio arazoak egongo lirateke. Izan ere, Gorla inguruan auzo eta baserri asko daude, auto asko ibiltzen da gora eta behera, eta buruhauste handiagoak izango genituzke jaitsiera hor antolatzeko".
Abiadura oso azkarrean
Bada, aurten ere goitibehera zaleek 1.400 metro luze duen jaitsieraz gozatu ahal izango dute, eta ibilgailuek bertan hartzen duten abiaduraz, Bergarakoa da-eta zirkuitu osoko tramu azkarrena duena: "Normalean pneumatikodun goitibeherak izaten gara azkarrenak, baina ez beti. Longboard edo bizikleta itxura duten goitibeherak zirkuituren batean azkarragoak dira, jaitsierak oso ezaugarri bereziak dituelako"".
Segurtasuna lehentasun
Goitibeherek ez dute garai batekoekin zerikusirik, Markezen esanetan: "Gaur egun egiaztaketek garrantzia handia dute, segurtasun uhalak, segurtasun arropak, kaskoak, goitibeheren neurriak... Dena zaintzen da asko sustorik ez egoteko".
ELKARRIZKETA: Julen Markez antolatzailea
Bergarako probako antolaketa taldeko kidea izatearekin batera Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioko presidentea ere bada Julen Markinez (22 urte). Etxeko lasterketan anaiarekin batera egiten dabilen goitibehera estreinatuko du.
Orain arte pilotu lanetan, eta orain antolaketa lanetan ere. Zer dela-eta?
Orain arte lasterketa antolatzen ibili diren lagunek erreleboa eskatu ziguten, eta lau lagun gabiltza orain Bergarako jaitsiera antolatzen.
Eta federazioko presidente?
Beno, kudeaketa lana da guk egiten duguna, herri bakoitzeko lasterketa herri horretako kirol talde edo auzokideek egiten dutelako. Azken hamarkadan indarra hartu du kirol jarduera honek, eta saltsa polita izaten da.
Proban parte hartuko duzue?
Bai, eta Bergarako lasterketarako goitibehera berria estreinatuko dugu, gainera. Aurrekoa ere guk egin genuen, goitibehera egiten genbiltzan bitartean ikasi genuen soldatzen [Barre], eta oraingoa apur bat txikiagoa da, seguruagoa eta atzeko gurpiletan esekidurak ditu. Karrozeria amaitzea falta zaigu.
Zelan hasi zineten goitibehera jaitsieretan parte hartzen?
Gaztetxean egindako goitibehera batekin hasi ginen, beldurra ematen zuen 'trasto' batekin [Barre]. Gaztetatik izan dut har gori, eta azken urteotan gustura ibili gara. Iaz, esaterako, bigarren sailkatu ginen, eta lasterketa batera joan ezin izan genuelako galdu genuen txapela. Ea aurten lehenengo sailkatu gaitezkeen.
Bergarako hainbat pilotu izango dira proban. Ondoren egutegi osoa egiten dute, ala etxeko lasterketarako bakarrik prestatzen dira?
Ez pentsa, badira etxeko jaitsiera bakarrik egiten dutenak, baina orokorrean bergarar asko daude egutegi osoa egiten dutenak. Jendea gustura dabil kirol jarduera honetan.
Ze ezaugarri ditu etxeko jaitsierak?
Oso azkarra da. San Martzialgo errepideak malda handia du, batezbesteko %12ko aldapa du, eta egutegi osoko abiadura handiena hemen hartzen dugu, 96 kilometro orduko inguru. Eta gainera, herritik oso gertu dagoen jaitsiera da eta zale asko gerturatzen dira lasterketa jarraitzera.