Ekainaren 9an kontzertu berezia, jaiak amaitzeko

Eneko Azurmendi 2017ko eka. 1a, 15:34

Iaz egin zuten lehenengoz kontzertu berezi hori.

Bergarako Musika Eskolako dantzariek eta musikariek kontzertua eskainiko dute ekainaren 9an –egubakoitza– San Martin plazan, 22:00etan; euskal dantza tradizionalak eta zuzeneko musika uztartuko dira emanaldian, "ukitu bereziarekin".

Iaz antolatu zuen lehenengo aldiz Bergarako Musika Eskolak kontzertu berezia, eta, orduko erantzun arrakastatsua ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute. Hala adierazi du Nekane Gabilondok, Bergarako Musika Eskolako dantza arduradunak.

Jaiak ekainaren 6an bukatzen badira ere, egubakoitz horretan musika eta dantza uztartzen dituen emanaldia eskainiko dute Musika Eskolako 53 dantzarik eta 20 musikari inguruk. "Oro har, euskal dantza tradizionalak  eskainiko ditugu –aurreskua, fandangoa eta arin-arina, banakoa, polka...–, zuzeneko musikarekin. Hala ere, ukitu berezia eman nahi diegu dantzei, koreografia bitartez", adierazi du Gabilondok.

Emanaldian parte hartuko duten dantzari guztiak eskolako ikasleak dira eta musikariak, berriz, ikasleak, irakasleak eta zenbait guraso ere bai.

Musikari dagokionez, askotariko instrumentuek osatutako musika taldea egongo da oholtza gainean: trikitia, panderoa, akordeoia, flauta, biolina, gitarra akustikoa, baxua, perkusioa, txistua, tuba, eta abar.

Hamar pieza

Guztira, hamar pieza eskainiko dituzte Musika Eskolako kideek. "Horietatik zazpi izango dira dantzarekin eta gainontzeko hiruak dantzarik gabe. Dantzadunak eta dantzarik gabeak tartekatu egingo ditugu, dantzariek atseden har dezaten", azaldu du dantza arduradunak.

Entseguak

Orain arte dantzariak eta musikariak euren kabuz ibili dira entseatzen. Hala ere, azken aste hauetan elkartu egingo dira. "Orain, entsegu orokor batzuk egingo ditugu, guztiok elkarrekin, emanaldi egunean guztia ondo atera dadin".

Herritarrei, animatzeko eskaera

"Herritik sortutako jarduera bat da. Dantzariak eta musikariak elkarrekin ditugu eskolan eta elkarlan hori garrantzitsua da guretzat. Ekintza berezia eta polita izango da, eta gerturatu daitezen eskatzen diet herritarrei", bukatu du Gabilondok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak