Etxeko txikientzako ekintza ugari jaietan

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 1a, 14:59

Iaz, umeen gunea.

Pentekoste jaiak ekainaren 2tik 6ra bitartean ospatuko dira, eta txikientzako eskaintza zabala izango da, urtero moduan. Jaiak heltzeko irrikaz egongo dira haurrak, herriko jaietan egongo diren ekintzetan parte hartzeko eta, bide batez, dibertitzeko.

Ekainaren 2an, egubakoitzean, 20:00etan emango zaie hasiera Pentekosteei, Bergara Futbol Elkarteko gizonezkoen talde nagusiaren txupinazoarekin, eta, segidan, Matxiategin barrakak irekiko dituzte. Askotariko barrakak izango dira, urtero moduan, eta horien prezioa, gehienez, bi euro izango da, bidaiako; lau bidaiako bonua, berriz, sei euro izango da.
"Barraka berritzaileak egonez gero, horien gehieneko prezioa 2,50 euro izango da, bidaiako; bost bidaia hamar euro izango da eta bidaia bakoitzaren gutxieneko iraupena, aldiz, bi minutukoa izango da", adierazi du Edurne Kortak, Bergarako Kultura teknikariak.

Joko ugari jaietarako

Pentekoste jaietako astelehen goiza eta aste horretako eguazten eta domekan –egun osoak–, egun horietan barraka-guneetako prezioa bidaia bakoitzeko euro bat izango da, eta, jostaleku bitxien eta berritzaileen kasuan, bidaia bat 1,50 euro.

Edozelan ere, mugimenduzkoak ez diren jokoak ere izango dira Pentekosteetan: tonbola, tiroa kortxoarekin, pilota jaurtiketa, uztaiak, dardoak, sokak, ahateak, makinak, bingoa, eta abar.

Txikientzako bi jolas-gune

Arrizuriaga azpiko parkean eta Ipintza institutuko patioan txikientzako jolasak ez dira faltako.
Domekan, etxeko txikientzat jolas-gunea jarriko dute Arrizuriaga azpiko jolas-parkean 11:00etatik 14:00etara.

Bestalde, etxeko txikienendako eta gaztetxoendako jolas-parkea jarriko dute umeen eta helduen egunean. Hala, Ipintzako patioan puzgarriak eta bestelako joko edo ekintzak jarriko dituzte: Jumping, Wipe Out –egur zoroak–, Boom Splash, Gira Loco, 7 urtera arteko haurrentzako pedal bidezko kart-ak, eta, beste hainbat jokoz gain, hiru puzgarri izango dira: tobogana, salto egitekoa eta ludoteka.

Haurrak eta gurasoak batera

Horrekin batera, ekainaren 2an, egubakoitzean, Bitorianatxoren jaitsieraren ondoren, parrillada egingo dute, auzolanean, Seminarioko karpan, 20:30ean, Oxirondo Aisialdi Guneko gurasoek antolatuta. Haurrendako eta gurasoendako izango da, eta txartelak dagoeneko salgai daude, sei eurotan, azokako Arantxaren postuan. Prezio horretan sartuta daude: txerrikia –txorizoa, hirugiharra, saltxitxak eta txerri-solomoa–, patatak, ogia, sagardoa edota ura eta izozkia. Azokako produktuekin egingo da, eta txartelak maiatzaren 29a baino lehen erosi beharko dira. Auzolanean egingo denez, dena jasotzeko eta gunea txukun uzteko parte-hartzaile guztien kolaborazioa eskatu dute.

Afalostean, erromeria

Bapo afaldu ostean, 22:00etan, Dantza Saltsa taldearekin erromeria egongo da, haurrendako, Seminarioko karpan. Hala ere, erromeria irekia da, ez da parrilladara joango direnendako bakarrik; parrilladara joaten ez direnek ere aukera izango dute bertaratzeko.

Parrillada auzolanean

Seminarioko karpan parrillada egingo dute azokako produktuekin, eta haurrendako eta gurasoendako izango da. Aisialdi Guneko gurasoak arduratuko dira bazkaria prestatzeaz, jantokia antolatzeaz eta txukuntzeaz. Amaitzeko, erromeria egongo da, eta afalostea Dantza Saltsa taldeak girotuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak