Aita-semeen arteko erronka idi-probetan

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 1a, 12:23

Idiak lotuta.

Pentekoste jaietan idi-probak izango dira Herriko Plazan, ekainaren 6an, 12:00etan. Bertan, Jose Ramon Salegi Belarreta eta Milel Salegi aita-semeak lehiatuko dira, nor bere idi parearekin, eta, horretarako 1.500 kiloko harria erabiliko dute.

Orain dela bost urte egin ziren azkenengo aldiz idi-probak Bergaran, eta aurten San Martin plazan erronka ederra izango da ikusgai. Izan ere, aita-semeen artean lehiatuko dira, Jose Ramon Salegi Belarreta aita eta Mikel Salegi semea, nor bere idi parearekin. Hitzordua ekainaren 6an, 12:00etan izango da, esan bezala, Bergarako Herriko Plazan.

Bergarako idiekin egingo dute erakustaldia, eta bakoitzak idi parearekin  1.500 kiloko probarria izeneko harriarekin zenbat plaza egingo dituzten neurtuko da, hogei minutuan. Horretarako, itzaien –idizaina– laguntza ere izango dute. Honela adierazi du Iñigo Almorzak, komisioko kideak: "Pertsona bat idi parearekin aurretik joango da gidari moduan, idi-probalari edo akuilari deritzona, eta atzetik itzai bat, kasu honetan, bi lehiakiderekin. emakumezkoak izango direnak. 1.500 kiloko harria mugitu beharko dute idi pareek, eta bergararrak erakustaldia ikustera hurbilduko direlakoan gaude. Ez bakarrik proba ikustera, idiak nola prestatzen dituzten ikustea ere ederra izaten da…".  Betidanik izan da idiekiko zaletasuna Bergaran, eta, hainbat urteren ostean, berriz ekarriko dute idi-proba erakustaldia plazara.

Idiekiko zaletasuna

"Lehen, urtero izaten ziren idi-probak. Gaur egun, Bergarako bost baserrik hamar bat idi pare dituzte, eta erakustaldia eskainiko duten Salegi aita-semeak, gainera, lehiaketetan aritzen dira; ikusgarria izango da. Izan ere, ikusiko ditugun idi hauek  atletak dira…", adierazi du Almorzak.

Erronka honetan, ez da apusturik izango. Hala ere, aita-semeek afari bat jokatuko dute beraien artean, baina ez da bestelako apusturik izango antolakuntzaren aldetik.

Euria egiten badu, bertan behera

Eguraldia lagun izatea espero dute antolatzaileek eta parte-hartzaileek. Izan ere, euria egiten badu bertan behera geratuko da Pentekoste jaietako idi-proba erakustaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak