Herri bazkarian alkoholik ez ateratzeko erabakia berretsi du Udalak, "kontsumo arduratsuaren" alde

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko mai. 29a, 16:18

Bi gazte bergarar iazko herri bazkarian –seminarioko karpan egin zen–, sagardoa dastatzeko gertu.

Azken urteetako egoerak ez errepikatzeko asmoz erabaki du Bergarako Udalak herri bazkarian alkoholik ez zerbitzatzea, eta bereziki gurasoak alkoholaren kontsumoaz hausnartzera gonbidatu ditu: "Hainbat herritarrek, gaztetxoek batik bat, bazkarira ez joateko deia luzatu omen dute, Udalaren erabakiaren aurka joateko". Udal Gobernuaren arabera, jai batzordeko talde guztiek egin dute bat erabakiarekin.

Izan ere, maiatzaren 25ean jarri ziren salgai Pentekosteetako asteleheneko herri bazkarirako txartelak. Azken urteetan txartel guztiak oso denbora laburrean saldu izan badira ere, aurten nabarmen jaitsi da orain arte saldutako txartelen kopurua –200 bat saldu dira bakarrik–.  Hortaz, ia 500 sarrera geratzen dira salgai oraindik; Kultura Sailean (943 779 159) eskura daitezke eguenera bitartean, 18:00etatik 21:00etara, 12 eurotan. Bazkaria San Martin plazan egingo da hasiera baten eta euria eginez gero seminarioko karpara pasatuko dute.

Seme-alaben aurrean eredu izatea

Bergarako Udalak droga-mendekotasunaren laugarren planaren baitan kokatzen du erabakia, "garrantzia berezia" ematen dio-eta gurasoek euren seme-alaben aurrean duten alkohol kontsumoari: "Haurrek ikusten dutena errepikatzen dute eta horregatik, ezinbestekoa da eredu ona ematea eta kontsumo arduratsua zein bizi ohitura osasungarriak bultzatzea". Horrekin batera, gaineratu dute etorkizunean heldu arduradunak eta zentzudunak nahi dituztela Bergaran, eta horrelako pauso txikiekin "helmugara" iritsiko direla uste dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak