Bisita gidatuak ekainetik aurrera Dolmenen ibilbidean

Jokin Guridi 2017ko mai. 25a, 14:42

Ekainaren 11ean hasi eta urriaren 8ra bitartean doako 8 bisita gidatu egingo ditu Debegesak Karakate eta Irukurutzeta arteko ibilbidean. Ibilbideak 9 kilometro izango du eta Bergara, Elgoibar eta Soraluzeko lurrak gurutzatzen ditu.

Dolmenen Ibilbideak Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du eta balio arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den Neolitoko eta Brontze Aroko ondareagatik. Bergara, Elgoibar eta Soraluze lotzen dituen ibilbidean garai horietako tumuluak eta trikuharriak aurkitzen dira, hildakoak ehorzteko eta beren lurra seinalatzeko erabilitako monumentu megalitikoak.

Hauek ikusteko bisita gidatuak antolatu ditu Debegesak, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, ekaina eta urria bitartean. Elgoibarreko Debegesaren egoitzan gaur egin den aurkezpenean egon dira Soraluzeko alkatea, Iker Aldazabal; Bergarako alkateordea, Maite Agirre; Elgoibarko kultur zinegotzia, Andrea Arriola; Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa, Jesus Tapia; eta Debegesako zuzendari orokorra, Juan Angel Balbas.

Guztira 8 bisita egingo dira Karakatetik hasi, Irukurutzetara joan eta Karakatera bueltako 9 kilometroko ibilbidean zehar eta bisita guztiak igandez egingo dira 10:30etatik 13:30etara bitartean. Behin ibilbidea bukatuta gazta, ogia eta sagardoaz osatutako hamarretakoa egingo dute parte hartzaileek. Bisitak ekainaren 11ean hasiko dira eta uztailaren 2, 16 eta 30an, abuztuaren 6 eta 20an eta irailaren 10 eta 24ean izango dira. Bisita gidatuak urriaren 7an bukatuko da eta hauetariko data batean joan nahi izanez gero izena eman beharko da turismo@debegesa.eus helbidera idatzi edo 943 82 01 10 telefono zenbakira deituz.

Indusketa lanak eta errepresentazio birtuala

Datozen egunotan hasiko da Aranzadi Zientzia Elkartea Gizaburuako trikuharriaren indusketa lanekin. Aurreko urtean egindako lanen ondorioz tumulu soil bat bezala katalogatua zegoena trikuharri bat zela konturatu ziren, batez ere hilobiaren ganbara aurkitu ondoren. Bertan erraustutako giza hezurrak eta zeramikazko ontzi baten zatiak aurkitu ziren eta aurten trikuharriaren azpia arakatuz beste erabilpenik eman zitzaion aztertzea da.

Honetaz gain, urte honen amaiaren, Dolmenen Ibilbidearen hiru elementuren interpretazio birtualari ekingo zaio: Keixetako Egiya Hegokoa trikuharria, Arribiribilletako menhirra eta Gizaburuako trikuharria zein bertan egingo diren indusketa lanetan aurkituko diren elementuak. Lan horren funtsa da arkeologoek egindako aurkikuntzen gainean interpretazio birtual bat egitea, elementu megalitiko horien sorrera irudikatzeko xedez.

Indusketa lan hauetan parte hartzea zabalik dago edozein herritarri eta boluntario bezala parte hartu nahi izanez gero jtapia@aranzadi.eus helbidera idatzi edo Aranzadi Zientzia Elkartearekin kontaktuan jarrita nahikoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak