Aurkeztu dute Pentekosteetako egitaraua, "denondako festen aldeko apustuarekin"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko mai. 24a, 15:07

Maite Agirre, Elena Lete, Amaia Santamaria eta Mari Carmen Barrenetxea udaletxeko balkoian eguaztenean, jaien egitarauraren aurkezpenean.

Ekainaren 2tik 6rako egitaraua aurkeztu du Bergarako Udalak gaur, eguaztena. Nobedade nagusia da, droga menpekotasun planaren barruan, ekainaren 5eko herri bazkarian ez dela alkoholik zerbitzatuko. "Pauso txikia bada ere, uste dugu garrantzitsua izan daitekeela". Bihar, maiatzak 25, 690 txartel jarriko dira salgai, Udal Pilotalekuan.

"Herriak herriarentzat eginiko festak izango direla aurreratu dezakegu, izan ere, jaiak antolatzen lagundu duten norbanako zein taldeak ugariak izan dira eta denei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu". Hitz horiek izan ditu Bergarako alkate Elena Letek Pentekosteetako egitarauaren aurkezpenean. Azaldu dutenez, adin eta gustu guztiak asetzeko egitaraua aurkeztu dute: "Txikienetik hasi eta helduengana iritsi nahi dugu, emakume zein gizonezko, bergarar eta kanpotik datozkigunentzat... guztiei tartea egin nahi zaie. Denontzako festen aldeko apustua da-eta. Denon artean egindako festak, denon artean ospatuko ditugu".

Txupinazoan Bergara Kirol Elkarteko futbol taldekoak izango dira protagonista: "Taldea Ohorezko Erregional Mailara igo da eta eurak izango dira jaiei hasiera emango dietenak; goraipatu nahiko nuke, halaber, kirolean emakumezkoen presentzia gero eta handiagoa izatea", esan du Letek.

Alkoholik ez herri bazkarian

Aurtengo berrikuntza nagusia da, Udal Gobernuaren arabera, ekainaren 5eko herri bazkarian ez dela alkoholik zerbitzatuko: "Herritarrak alkoholaren kontsumoaz hausnartzera gonbidatu nahi dira, batez ere gurasoak. Udalak droga mendekotasunaren planaren baitan, garrantzi berezia ematen dio gurasoek euren seme-alaben aurrean duten alkohol kontsumoari. Haurrek ikusten dutena errepikatzen dute eta horregatik, ezinbestekoa da eredu ona ematea. Hala, ekainaren 5eko herri bazkarian, alkoholik ez da zerbitzatuko. Pauso txikia izanik, garrantzitsua izan daitekeelakoan gaude".

Zeinu hizkuntza itzultzailea

Aipatzekoa da lehen aldiz zeinu hizkuntza itzultzailea ekarri dutela. "Eskuaire elkartearekin hitzarmen bat lantzen ari gara, zeinu hizkuntza zerbitzua emateko. Webgunean zerbitzua aurkeztuko dugu laster; helburua da gorrei zerbitzua ematea. Era berean, pentsatu dugu gaurko ekitaldia oso egokia zela aurkezpena modu horretan ere egiteko", esan du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak