Azken urteetan gora egin du errenta aitorpena euskaraz egin duten herritarren kopuruak, "baina oraindik ere datu hori hobetu daitekeela" uste du Udalak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken datuen arabera, azken kanpainan bergararren %25ak egin zuen hizkuntza honen aldeko hautua euren aitorpena osatzerako orduan.
Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude, eta guztietan erabili daiteke euskara:
Aitorpen mekanizatua egin behar dutenek, hau da, ogasunaren bulegoan teknikarien laguntzaz, hitzordua hartzerakoan adierazi dezakete harremanok euskaraz izan nahi dituztela. Era berean, Ogasunak sinatzeko emandako paperak euskaraz ere jaso dezakete herritarrek.
Autolikidazio proposamena egingo dutenen kasuan, proposamena onartzerakoan, herritarrek euskaraz egin nahi dutela esan eta aurrerantzean Ogasunaren agiriak euskaraz jaso ahal izango ditu.
Bukatzeko, internet bidez egiten dutenek, Ogasunaren webgunean bertan errenta programa euskaraz jaistea aukeratu dezakete. Aholkularitzaren bat aukeratuz gero, espresuki adierazi beharko dute aitorpena euskaraz egiteko nahia.
Errenta aitorpena ekainaren 26ra bitartean egin behar da, eta hitzordua eskatu edo bestelako informazioa jasotzeko, 902 100 040 telefonora deitu dezakete herritarrek, Bergarako bulegora joan (Toki Eder, 5) edo www.gipuzkoa.net/ogasuna webgunean sar daitezke.