Ekimen solidario honen bitartez bergararren eta debagoiendarren laguntza eskatu dute Trujillo inguruko kaltetuei laguntzeko. Uholdeek Peru iparraldean 70 hildako eta hainbat desagertu utzi ditu, eta kalte materialak ere handiak izan dira, etxe asko suntsitu edo larriki kaltetu dituzte-eta euriteek.
Honakoa da diru ekarpenak jasotzeko zabaldu duten Laboral Kutxako kontu zenbakia: ES58-3035-0004-96-0040033064.
Lehen laguntzak iritsi dira
Jasotako laguntzarekin hasiak dira kaltetutakoen eremu batean janaria erosten (arroza, pasta, azukrea, dilistak edota kontserba latak, besteak beste), eta janari hori prestatzeko beharrezko sukaldeko tresnak ere eskuratu dituzte. "Hiru eltze komun ezarri ditugu, hamar egunez 250 pertsonarendako eguneko hiru otordu bermatzea ahalbidetuko dutenak", azaldu du Luciana Alfarok.
Horrez gain, azaldu du lagun batek duen potzu bati esker ur hornidura ere lortu dutela. Beste lagun batzuek, aldiz, furgoneta laga diete, eta jasotako laguntzarekin erregaia erosten dihardute.