Mintzanet irabazi asmorik gabeko proiektu bat da, eta mintzalagunaren on-line bertsioa bezala aurkeztu dute koordinatzaileek. Desberdintasun nagusia da Mintzanetekoak bi pertsonen arteko elkarrizketak direla.Alde batetik, bidelaguna dago, hau da, besteari euskara praktikatzen laguntzen dion pertsona, "ez duena titulurik behar eta ez dena irakaslea", Ainara Loiarte koordinatzaileak azpimarratu duenez; eta bestetik, bidelaria dago, euskara praktikatu nahi duen pertsona. Gutxienez A2 edo B1 maila eskatzen dute Mintzaneten, "elkarrizketa bermatuta egon dadin". “Helburu didaktikorik gabeko jarduera”dela nabarmendu gura izan du Loiartek.
Mintzaneten parte hartu nahi dutenek haien webgunean sartu eta bertako izen emate atalean agertzen den galdetegia bete besterik ez dute egin behar, norbere Skype, Hangouts edo antzeko beste kontu bateko helbidea zehaztuta.
"On-line izateak ahalbidetzen du edonon eta edonoiz egitea. Ordutegia oso zabala da eta malgua izan daiteke zentzu horretan", azaldu du Ainara Loiartek. Mintzanetetik gomendatzen dute gutxienez hilean behin eta ordu erdiz aritzea. “Jende gehiena astean behin eta ordubete pasatxoz aritzen da", azaldu dute, ordea.
Profil guztietako jendeari zuzendua
Behin izena emanda, Mintzaneteko kudeatzaileak arduratzen dira parte hartzaile bakoitzari haren mintzalaguna topatzen. Egitasmo honetan parte hartzeko ez dago adin mugarik, ezta profil zehatzik ere. “17 urtetik 90 urtera arteko erabiltzaileak ditugu, diote koordinatzaileek. Bestalde ahoz euskalkian aritzea ere ez da muga izango, nabarmendu dutenez.
Atzoko aurkezpenean Isabel Ezenarro bergararrak zuzeneko konexioa egin zuen Irizar jauregiko aurkezpenean zeudenekin, eta haren mintzalaguna den Valladolideko Juanmarirekin nola berba egiten duen kontatu zuen.
Izan ere, egitasmo honen helburua da jendeari, edonon dagoela ere, euskaraz aritzeko eta ahoz praktikatzeko aukera ematea.