Bizimodu onaren filosofia eta energia hornitzaile alternatiboak mintzagai Irizarren

Maite Txintxurreta 2017ko mar. 30a, 17:44
Atzoko hitzaldia, Irizar jauregian (argazkia: Ibai Redondo)

Atzo, eguaztena, Sortuk antolatuta bi hizlarik berbaldia eskaini zuten. Pello Otxandiano, Sorturen Kontseilu Nazionaleko kidea, independentziaz eta mundu globalizatuan Euskal Herriak bere bidea egiteaz mintzatu zen. Aldiz, Txetxu Ezkurrak, Som Energia Gara taldeko kideak, energia enpresa multinazionaletatik "deskonektatu" eta alternatibei heltzeko argibideak eman zituen.

Bizimodu Onaren filosofiari buruz emandako hitzaldian, Pello Otxandianok azaldu zuen egungo mundu globalizatua "arriskuz eta aukerez beteta" dagoela, eta horren aurrean Euskal Herriak hartu beharreko bideaz hausnartu zuen: "arriskuen artean hor daude arrazismoa edo gerraren hedapena, Trump eta Fronte Nazionalaren bidea. Aukeren artean berriz, Eskozia, Irlanda eta Katalunia daude". Hala, hizlariak agertu zuen, abertzaletasun sutsua baino, sozialki aurreratuak izango diren estatua lortzearen ideia dagoela herrialde horietan ikusten ari garen apustu independentisten atzean.
 
Hala, argi laga zuen Sortutik "Euskal Errepublika sozialki aurreratua ahalik eta epe motzenean" eraikitzea dela gura dutena; alde batetik, bertako hizkuntza, kultura eta nortasuna defendatzeko, baina, bereziki, "hobeto bizitzeko, inor kanpoan ez gelditzeko eta emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna nahiz ingurumena zaintzeko".
 
Bide horretan, lehenik norbanakoak aktibatu eta herri mugimenduak indartu behar dira Otxandianoren ustez, eta ondoren instituzioen inplikazioa etorriko da. "Horretan ari gara eta hurrengo 2 edo 3 urteak klabeak izango dira norabide honetan", esan zuen, Bergarako Sortutik azaldu dutenez.
 

Energia ereduaz hausnartzen

Txetxu Ezkurrak (Som Energia Gara), berriz,  energiaren krisia aipatu zuen, baita ereduz aldatzeko hainbat arrazoi eman ere: "Gaur egungo eredua ez da jasangarria, eta aldaketa klimatikoa indartzen du, bizitza eta giza espeziea bera ere arriskuan jarriz; eta ez diogu guk bakarrik ,munduko agintariek ere onartzen dute, baina ezer gutxi egiten dute egoera aldatzeko; beste arrazoi bat giza eskubideak dira, energia  eredu hau da mundu mailako hainbat gerra eta genozidioren arrazoia. Horregatik, aldaketa egiteko garaia da, gure esku dago. Oso erraza da energia garbi eta berriztagarrietara aldaketa egitea, mugikor konpainiaz aldatzea baino errazagoa da".
 
Som Energia bera edota Goiener aipatu zituen Ezkurrak Iberdrola bezalako enpresa handien alternatiba modura. Aldaketa egitea oso erraza dela azaldu zuen: "Ez du obrarik eskatzen eta ekonomikoki fakturan ez dugu aldaketarik ikusiko, merketzea ez bada".
 
Sortuk, herritar guztiei, energia garbia kontsumitzeko deia egin nahi izan die, "eta, bide batez, bertako Kooperatibak bultzatuz burujabetza energetikoaren bidean urratsak ematea". "Gerrak, Zentral Nuklearrak eta aldaketa klimatikoa sustatzen duten Iberdrola edo Endesa bezalako konpainiekin kontratuak eten eta Goiener edo Som Energia Gararekin bat egitea oso garrantzitsua deritzogu. Guztion esku dago, aldaketa erraza bezain eraginkorra da", diote.
 
Hala, hurrengo hilabeteotan Sortuk gai honi buruzko informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat egingo dutela ere aurreratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak