Nondik dator jaien aurretik formazio saioak antolatzeko ideia?
Jaien antolakuntzan parte hartzen dugunotako bakoitza formatzea oso garrantzitsua da, gero landu nahi den gaia era errazago baten jaietan txertatzeko. Orain arte, landu nahi izan ditugun edukien inguruan ezagutza nahikorik izan ez dugula uste dugu eta horregatik erabaki dugu aurten formazio saioak jasotzea. Era berean, jaiak herritar orok osatzen ditugunez, saioak irekiak izan behar dira.
Jaiak zertarako birpentsatu?
Jaiak antolatzea ez da egitaraua osatzea bakarrik. Egitarauak logika bat izan behar du eta balio batzuei lotuta joan behar da. Jaiak birpentsatu behar dira, beste gauza asko bezala. Egun jai eredua zuzenki lotuta dago kontsumismoarekin eta gauarekin eta ahal dugun neurrian horri buelta eman nahi diogu.
Eta zein da Xaxauren jai eredua?
Ekintza parte hartzaileak, parekideak eta euskaldunak bultzatzen dituena. Jai herrikoiak, herritik sortuak herriarentzat. Jaiak ez dira eremu isolatuak eta egungo gizartearen gatazkak islatzen dira; gatazka horiei aurre egiteko herritarron parte hartzea beharrezkoa da eta horregatik jarri behar ditugu bitartekoak denon artean. Jaiak beti izango dira ondo pasatzeko, baina ezin dira atzean gelditu egunerokotasuneko gatazkak. Herriko eragileei garrantzia berezia ematen diegu, eurak direlako urtean zehar herria bizirik mantentzen dutenak. Jaiak erakusleiho polita dira eragile horiendako.
Ze gai landuko dituzue hurrengo asteetako formazio saioetan?
Ez dugu nahiko genukeen guztia lantzeko astirik. Balio orokorren gaineko hausnarketa batekin hasiko gara, feminismoa moduko gai mamitsu batekin jarraituko dugu eta zikloarekin amaitzeko jai eredu parte hartzaileen inguruko gogoeta bat bultzatuko dugu. Helburu orokorra da jai ereduaren gaineko gogoeta bat bultzatzea; gero, ideala litzateke ondorioak Bergarako jaietan txertatzea. Hori, baina, ez da egun batetik bestera ematen; hala ere, Xaxaun hausnarketarako bidea hartu dugu eta horretan jarraitzeko asmoa dugu. Esango nuke lan hori hasi dela fruituak ematen.