Bergarako natura-guneak balioan jarri. Hori du helburu nagusitzat igandean ospatuko den Natura Egunak. Ohiko zuhaitz landaketaz gain, egitaraua beste jarduera batzuekin osatu du Udalak, ingurune naturalean gozatzeko dauzkagun aukerak aprobetxatzeko eta erakusteko asmoz. Honela, 2017ko Natura Eguna Gorlan (Iturriberriko kantina inguruan) ospatuko da eta Pagolako basoaren garrantzia gogoratuko da.
Natura Eguna antolatzeko Pol-Pol Mendizale Taldea, Mendia Bizirik eta Lokatza Ziklismo Eskola elkarteen laguntza izan du Udalak.
Egitaraua
09:00 Gorlara oinezko irteera.
10:00 Gorlara igoera autobusez. Autobus geltikitik.
10:30 – 12:15 Pagadiko zuhaitzen landaketa.
10:30 – 12:15 Natura sustatzeko jolasak haurrentzat: Basoko sokatira eta Zuhaitz-txapak. 4 eta 10 urte arteko umeendako. Galemys Ingurumen hezitzaileen eskutik.
12:15 Hamarretakoa Kantina aurrean, parte hartu duten haur eta gazteentzako. Udalak jarriko du.
13:00: XLII. Gorla igoera. Txirrindularitza lasterketaren amaiera.
13:30: Bueltako autobusa, lehen hezkuntzako haurrentzat.
'Pagadi azidofiloa' berreskuratzea
Landaketaren helburua da lursail horretan berezkoa (baso potentziala) den Pagadi azidofiloa berreskuratzea. Helburua pagadia berreskuratzea izanik, landatuko diren zuhaitz gehienak pagoak izango dira baina horiekin batera urkiak eta haginak ere landatuko dituzte. Landaketa honekin, Pagola-Loidiko pagadi baliotsua osatzen jarraitzea lortuko luke Bergarak.
'Basoko sokatira' eta 'Zuhaitz-txapak'
4 eta 10 urte arteko umeendako basoari lotutako jolasak egongo dira: Basoko sokatira eta Zuhaitz-txapak. Ingurumen hezitzaileak jarriko ditu Udalak, jarduera horiek gidatzeko. Jolas horien helburuak dira zuhaitzek eta basoak bizitzarako duten garrantzia gogoratzea eta ondo pasatzea.
Gorlara oinez...
Gorlara igotzeko lehen aukera oinezkoa da, Pol-Pol Mendizale Taldeak antolatu duen irteeran parte hartuta. Herritar guztiek har dezakete parte oinezko igoeran. Irteera 09:00etan izango da, Udal Pilotaleku Parean (Fraiskozuri plaza).
... edo autobusez
Udalak autobusa ere jarriko du. Lehen bidaian lehentasuna izango dute Lehen Hezkuntzako haurrek eta hauen gurasoek. Autobusean igotzeko 10:00etan bus geltokian egotea komeni da. Burdinaten ere hartu ahal izango da, 10:10ean, lekua baldin badago. Bigarren bidai bat ere egingo du autobusak, 10:30ean autobus geltokitik (Burdinaten ere hartu ahal izango da, 10:40ean).