Herriarteko bertso txapelketa Artatsen

Maite Txintxurreta 2017ko mar. 10a, 10:30

Gipuzkoako Herriarteko bertso txapelketaren baitan, Debagoiena taldearen eta Donostiako Aitziaren Gorraizia taldearen arteko saioa izango da bihar gauean. Bailarako bertso eskoletako kideak debagoiendarrak animatzera etorriko dira.

Bertsozaleek hitzordua daukate bihar gauean Artatse elkartean. Izan ere, Gipuzkoako herriarteko txapelketaren baitako saio bat jokatuko da bertan, Debagoieneko taldearen eta Aitziaren Gorraizia donostiarren artean.

21:00etan afaria izango da elkartean (sarrerak aurrez saldu dituzte), eta 22:30ean hasiko da saioa. Saioa bera doan izango da, eta afarira joan ez direnak ere joan daitezke ikustera.

Debagoieneko ordezkarien artean, bergararrik ez da arituko bertsotan. Bai, ordea, gai jartzaile eta epaile lanetan. Gai jartzailea Ibon Leibar izango da, eta epailea, berriz, Nerea Madariaga. Kantatuko dutenak, berriz, Ane Zuazubiskar arrasatearra, Oihana Arana eskoriatzarra eta Martin Berrizbeitia aretxabaletarra izango dira.

Lehen saioan, galdu

Debagoiena taldeak lehensaioa otsailaren 12an jokatu zuen, Anoetan, Tolosaldeko taldearen aurka. Etxekoek 14 puntu lortu zituzten, eta kanpokoek, berriz, 10. Saio horretan Haizea Aranak, Oihana Aranak eta Marixe Ruiz de Austrik kantatu zuten.
Debagoiena lehen kanporaketan lau taldeko multzoan dago, eta donostiarrez eta Tolosaldekoez gain, Erniarraitz taldeak osatzen du multzoa. Multzo bakoitzeko lehenengoa igaroko da hurrengo fasera.

Lehen saioan galduta, debagoiendarrentzat zaila izango da aurrera egitea, baina Ane Zuazubiskarrek nabarmendu du "ondo pasatzea" dela haientzat garrantzitsuena. "Gogoz eta animatuta" daude taldekideak etxean kantatzeko, lagun eta ezagunez inguratuta.  Gainera, azaldu du bailarako bertso eskola guztietako kideak joango direla bertso saioa ikustera, eta giro ona sortuko dela uste du.

Ibon Leibar, Txinbo (gai jartzailea): "Saiatu naiz gaiei umore ukitua jartzen, saio polita eta arina izan dadin"

Prestatu dituzu gaiak? Nondik nora joango dira?

Bai, prestatuta dauzkat. Saiatu naiz umore ukitua jartzen gaiei, ikusleendako saio polita eta arina izan dadin. Agurra ere puntuagarria izango da, orduan, zerbait prestatuta izango dute eta kanturen bat edo egongo da... Horrek ere lagunduko du saioa dibertigarria izan dadin.

Nola gertatzen dituzu gaiak?

Normalean, umoretik joatea gustatzen zait. Gai serioren bat ere sartzen dut, bakarka lantzeko-edo, bat edo beste egon behar delako. Baina normalean ez zait gustatzen txapelketa nagusietan bezala, gai guztiak serioak izatea.

Politak dira herriartekoa bezalako ekimenak?

Bai. Bertsolaritza gustatzen zaigu, eta halako ekimenetan parte hartu izaten dugu bergararrok ere. Esaterako, Bertsotruk-en. Iaz hasi zen, eta aurten ere Aretxabaletan izan gara eta Lasartera ere joango gara. Eta herriartekoa bezalako txapelketak, taldekakoak-eta, oso politak izaten dira. Bestelako txapelketak oso urruti geratzen zaizkigu, eta horrelakoak gazteek eta hasiberriek parte hartzeko aukera politak izaten dira.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak