Pol-Polek 75 urte: izena iturri bati zor, izana herriari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko mar. 10a, 08:00
1942an, elkartea bera sortu zen urtean, mendizale talde bat Pol-Pol iturriaren bueltan. Argazkia: Pol-Pol fondoa.

1942ko martxoaren 15ean 75 urte beteko dira Pol-Pol Mendizale Taldea sortu zela eta hilaren 19an mendi buelta eta bazkaria egingo dute ospakizunekin hasteko; mendi talde bat baino askoz gehiago izan da Pol-Pol urteotan, herrigintzaren adibide garbia.

Nekez lortuko du bailarako mendizale elkarte batek Pol-Pol Mendizale Taldeak Bergaran utzi duen arrastora hurbiltzea. Mendizaletasuna sustatzeaz harago, herrigintzaren erreferente ukaezina da Bergaran. Eta Bost egun barru, martxoaren 15ean, beteko ditu 75 urte. 1942ko martxoaren 15ean egin zen sorrera batzarra, Migel Angel Elkoroberezibar idazle bergararrak gogora ekarri duenez: "Gerra ostean langile batailoietatik, kartzelatik edo soldaduskatik Bergarara bueltatu ziren gazte haien zaletasun handiena zen mendizaletasuna eta elkartzeko gogoa bat egin nahian zebiltzan".

1941ean hainbat bilera egin eta elkartea izango zena legeztatu ondoren, 1942ko martxoaren 15ean egin zuten sorrera batzarra. Luis Bikuña, Pedro Marko Gantxegi, Antonio Raizabal, Alberto Osinaga, Angel Jauregi, Ignacio Muruamendiaraz bergararrak eta Manolo Zubia eibartarra izan ziren sortzaile taldeko buruak, betiere 30 edo 40 bat lagunen babesarekin. Martxan zen sortzaileek eurek horren emankorra izango zela espero ez zuten iturria.

(Argazkia: 1976ra arteko lehendakariak Pol-Pol tabernaren irekieran. Pol-Pol fondoa)

1992an, elkarteak 50 urte bete eta sortzaileek omenaldia jaso bezperan [Berrigara-k gehigarri berezia kaleratu zuen orduan] Jauregik berak aitortu zuen ez zutela espero elkartea horrenbeste haziko zenik: "Gure denboran inoiz ez ginen 100 lagun baino gehiago ibiliko eta orain [1992an] 1.000 bazkide baino gehiago dira".

Kopuruak kopuru, hasieratik jende asko erakarri zuen Pol-Polek. 1942 amaierarako 86 bazkide zituen eta horietatik 18 emakumezkoak ziren. Bazkideen kopurua gehitzen joan zen urtez urte: 1960ko hamarkada hasieran 370ra igo bazen, 1990ko hamarkada hasieran 1.600 bazkide izateraino heldu zen. Gaur egun 700 bazkide ditu eta 350 federatu. 75 urte hauetan 20 lehendakari izan ditu elkarteak, guztiak gizonezkoak.

Emankorra izenez zein izanez

Elosumendin kokatutako izen bereko iturriari zor dio izena Pol-Pol Mendizale Taldeak. Hala gogoratzen du Elkoroberezibarrek: "Elosumendi inguruko parajeetan askotan ibili ohi zirenez, Antonio Raizabalek izen hori proposatu zuen eta aho batez onartu zuten. Mahai gainean beste izen batzuk ere egon ziren; Goimendi, esaterako. Armarriaren lehen zirriborroa Alberto Osinagarena izan zen eta moja zaharrek bordatu zuten".

Hasierakoak, oso garai zailak

Hasierak ez ziren batere errazak izan. Francoren garaian baimenik gabe batzarrik egitea debekatuta zegoen eta, zer esanik ez, elkarte bat sortzea. Batzarra iragarri bezain laster orduko alkate Rufino Beitiak kontu eske deitu zien udaletxera. Angel Jauregi joan zen azalpenak ematera eta kirol kontuez hitz egin behar zutela argudiatuz lortu zuten baimena. Lehendakariaren izendapenak ere gobernadorearen onespena behar zuen eta bizpahiru aukera aztertu ondoren Felix Iñarra izendatu zuten.

Askotariko helburuak

Mendiko ibilaldiez gain, buzoiak kolokatu zituzten –1942an, esaterako, Azkonabietan, Irukurutzetan eta Aitzgorrin–, iturriak eraiki –1943an Gorlakoa, adibidez– edo konpondu, eta edateko urik ez zuten baserrietan ur instalazio lanak egin. Baserritarrekin harreman handia zuten, beti laguntzeko prest. "Domeketan lan egin behar izaten zuten eta horretarako ere baimena eskatu behar izaten zuten. San Donatoko ermita Luis Bikuñari eta Reyes Ortizi esker konpondu zuten. Oso estimatuak ziren Huarte Arakilen. Urterokoa zen Larraitzetik Aralarrera egiten zuten zeharkaldia. Makina bat aldiz joan ziren Inazio Panaderoren Txori urdina furgonetan", azaldu du Elkoroberezibarrek.

Garai hartan elkarteak ez zuen diru laguntzarik jasotzen eta 50 zentimoko kuotarekin egin zuten aurrera lehen urtean. 1943tik aurrera 250, 500 eta 1.000 pezetako ekarpenak egiten hasi ziren mendi-aterpe bat eraikitzeko. 1947an gauzatu zen ametsa, Gorla eraiki zenean.

Mugarri izan ziren irteerak

Hainbat eta hainbat izan dira 75 urteotan antolatu diren irteerak: 1952an Ordesara motorrean joan zirenekoa; 1959an lau bazkidek Mont Blanc-en egin zuten balentria; 1971n Anetora antolatutakoa, mugarri izan zena lehen aldia izan zelako 30 bat bazkide batera igotzen zirena; 1972an Mont Blancera eta hurrengo urteetan Europako mendi esanguratsuenetara egindakoak; 1978an 13 bergararrek Andeetako Huascarango gailurra zapaldu zutenekoa, Dhaulagirira saiakera 1992an....

Sail ezberdinak ere sortu ziren elkartean: argazkigintza, mikologia, espeleologia, sokorrismoa... eta baita kantua edo txistura ere bai. Oraindik martxan dagoen Beteranoen saila ere 1978an eratu zen. Gainera, ekitaldi asko ere antolatu ziren: estanpak, denetariko ikastaro zein hitzaldiak, zinema emanaldiak, erakusketak... Baina arrakasta handiena izan zuen erabakia gaztetxoen saila sortzearena izan zen.      

Serafin Esnaola, pieza klabea

Gaztetxoen saila sortzeko ezinbesteko pieza izan zen Serafin Esnaola apaiza. "Ekintzaile sutsua zen. Hari eta haren laguntzaileei esker 10 eta 14 urte arteko ume andana sartu ziren. 1970eko Altzasuko kanpaldi hura izugarria izan zen. Gero etorri ziren Urbasa, Degurixa, Ugaztegi, Dexao… Eta gainerako sail guztietan buru-belarri nola genbiltzan! Komenio kaleko lokalean zegoen joan etorria ere ez zen nolanahikoa. Bost autobus betetzera ere iritsi ginen mendira joateko! Gaztetxook autonomia osoa geneukan eta On Serafinek arduraz eta heldutasunez jokatzen erakutsi zigun", gogoratzen du Elkoroberezibarrek. 1980ko hamarkadan sortuko ziren eski saila, eskalada eta Mendia Bizirik egitasmoa, besteak beste.

(Argazkia: 1973an Altzasun egindako kanpaldia. Bergarako Udal Artxiboa / M.A. elkoroberezibar fondoa)

Egoitza ezberdinak ere izan ditu Pol-Polek. Txoko tabernan hasi ziren, baina berehala Barrenkaleko Ollagorra tabernako sotora pasatu ziren. 1950 inguruan Artekaleko Palday tabernako gela bat izan zen egoitza, 1965ean Komenio kaleko parrokiaren hirugarren solairura joan ziren arte. Serafin Esnaolari esker 1976an beheko lokala alokatzea lortu zen eta bertan egon ziren 2010era arte. Han egon zen Pol-Pol taberna, hainbat bergararrendako leku kuttuna izan zena. Handik azokara eta 2013az geroztik frontoiko lokaletan daude erosi berri duten San Pedro kaleko lokala egokitu arte.

Liburua, urte amaierarako

Elkoroberezibarrek liburu bat kaleratu gura du urte amaierarako: "75 urtek askorako ematen dute! Dokumentazioa eskuratu, argazkiak bildu eta bertan ageri direnak identifikatu, testigantzak jaso… Pol-Pol Mendizale Taldeak Bergaran eragin duen mendizaletasuna eta herrigintza azaltzen ahaleginduko naiz". Testigantzak, argazkiak edo filmerik partekatzeko: 606 526 810 telefono zenbakira deitu edo maelkoro@gmail.com helbidera idatzi.

75. urteurreneko Mendi Astea, ekitaldi interesgarriz lepo

Urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatuko dira urtean zehar. Martxorako, hasteko, Mendi Astea iragarri dute, bost ekintza interesgarrirekin. Ekintza guztiak Irizar jauregian izango dira, 19:00etan. Kamisetak eta zapiak ere salgai jarri dituzte.

Martxoaren 15ean: Migel Angel Elkoroberezibarrek lehen urteetako argazkiak eta filmak aurkeztuko ditu. Amaia Aranzabal ere egongo da, zortzimilako bat igo zuen lehen emakume euskalduna.
Martxoaren 16an: Ibon Santosen Alpeetako ipar hormak emanaldia.
Martxoaren 19an: Mendi irteera Azkarate eta Bergara artean. Ondoren bazkaria egingo dute Agorrosingo tabernan, musikaz girotuta. Izen-ematea itxita dago, 130 bat lagun batuko dira.
Martxoaren 21ean: Bolt Proyect filmaren emanaldia Mikel Uribesalgo eskalatzailearen eskutik.
Martxoaren 23an: Emanaldia: Islandia, odisea y supervivencia filma.
Martxoaren 26an: Udal bandaren kontzertua frontoian (12:30). Pol-Polen ereserkia joko dute; letra Basarri bertsolariak egin zuen eta doinua Migel Gonzalez Bastidak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak