Saharako dunetan Elena Frechillak ez zuen kontrariorik izan. Harea gainean inoiz korrika egin gabekoa zen, ez behintzat desertuko harea gainean, baina zoru berezi horretara azkar moldatu zen Bergarako trail taldeko ordezkaria, eta hasieran erritmo lasaia jarri bazuen ere, lasterketa benetan gogortu zenean egin zuen aurrera. Bigarren sailkatu Sara Hannerz suediarra gerturatzen ari zitzaiola ikusterakoan, behera egin beharrean, bizkaitarrak aurrera egin zuen indartsu, lehenengo helmugaratuz: "Ez nuen inondik inora irabazterik espero. Banekien giro oso berezia egoten dela lasterketa honetan, eta bertako parte izan gura nuen", adierazi zien komunikabideei.
Lurralde askotako korrikalariak batu ziren aldarrikapen kutsua duen lasterketara, herri saharauiaren egoeraren berri emateko oihartzuna, kirolaren bitartez. Izan ere, solidaritatea izaten da, urtero, lasterketako irabazlea.