Igerilekurako eta goiko estaziorako ideiak nagusi

Julen Iriondo 2017ko ots. 23a, 17:23
Lehiaketako sarituak.

Aroztegiko erakusketan eta Udalaren webgunean herritarrek emandako 267 botoak eta epaimahaiaren iritzia uztartuz, Mariaren Lagundia ikastetxeko bosgarren mailako ikasle talde batek eta Maite Arantzabalek eskuratu dituzte lehenengo sariak.

Umeen kategorian lehenengo saria lortu duen Mariaren Lagundiko bosgarren mailako ikasle taldearen proposamena izan da Agorrosingo kanpoko igerilekua handitzea eta hobetzea: "Igerilekua beteta egoten da eta lekurik ez da egoten batzuetan, eta gehienezko edukiera handitu egin beharko litzateke", zioen saria jasota, pozik, talde irabazleko kide Jon Igartuak.

Bigarren ideia onena abentura parkea egitea proposatzen duena izan da, eta hirugarrena Agorrosingo kanpoko igerilekuan kultur ekintzak egitearena, irabazleen ikaskideenak hauek ere. Elena Lete alkateak nabarmendu zuen "aisialdirako eta zoriontsu izateko ideiak" aurkeztu dituztela umeek.
Helduen kategorian, berriz, lehenengo saria izan da Maite Arantzabalentzat; goiko estazioa biziberritzeko egitasmoa aurkeztu du berak. Irabazleak ezin izan zuen sari banaketan egon, baina, haren ideia goraipatuz, Elena Letek gogora ekarri zuen Udala ari dela lehendik inguru hori txukuntzen: "Bergararrondako gune polita da, xarma duen gunea, berreskuratu nahi duguna; iaz hasi ginen garbitzen, eta etorriko dira hurrengo pausoak".

Bigarren saria Sara Martinezek eta Nerea Madariagak eskuratu dute, bizikletaren erabilera sustatzeko proposatutako alokairu sistemagatik: "Proposatzen dugu bigarren eskuko bizikletak izatea eta, ondorioz, hasierako inbertsioa beste era batekoa litzateke: egoera onean daudela ziurtatzeko azterketa egin beharko litzaieke. Bestalde, ondo legoke parrilla eta otzara izatea, erosketak-eta egiteko erabili ahal izateko; eta mugikorrerako aplikazio bat, esango diguna zenbat bizikleta dauden alokairurako gune bakoitzean", zioen Sara Martinezek.

Hirugarren saria Aranzadi ikastolako ikasle talde batentzat izan da, herriko ondarearen gaineko informazioa QR kodeen bidez emateko sistemagatik: "Gaur egun idatzizko informazioa bakarrik dago, eta QR kodeen bidez multimedia gehiago sartuko genuke: bideoak, audioak..."

Udala oso gustura geratu da lehiaketara aurkeztutako ideia kopuruarekin eta horien edukiarekin, baita bozketan parte hartu duten herritarrekin ere –267–. Orain aztertu beharko dute aurkeztutako proiekturik ba ote den aurrera eramateko modukoa, ba ote den bideragarria; berez, aurtengo udal aurrekontuan 100.000 euro daude gordeta proiektuotarako: "Nire nahia izango litzateke, bai umeen alorrekoa eta bai helduen alorrekoa, nolabait, gauzatzea; baina iritsiko da momentua hori iragartzeko"; gainera, lehiaketan irtendako beste hainbat ideia –osotasunean, zatiren bat edo berak izan ez arren, antzerakoak– Udalak esku artean badarabiltzala zioen alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak