Mozio horretan zera eskatzen da, "Garoña desmantelatzea eta energia berriztagarriaren kontratazio publikoan aurrera egitea oligopolio elektrikoarekin zerikusirik ez duten enpresa merkaturatzaileen bidez".
Ekimen horretan Udalari eskatzen zaio "energia-hornidura atalka zatikatzeko aukerarik ote dagoen azter dezala, jatorri berriztagarria duen energia berdea (% 100ean egiaztatua) soilik hornitzen duten enpresa merkaturatzaile txikiekin kontratuak egin ahal izateko". “Energia berriztagarriak garbiak, merkeak eta seguruak dira, tokiko enplegua sortzen dute eta energia-autosufizientzia lortzen laguntzeaz gain, klima-aldaketaren aurka borrokatzen laguntzen dute”, adierazi du Irabaziko zinegotzi Aiert Lizarraldek.
Neurri hori hartu dute dagoeneko Bartzelonan, eta koalizioak nahi du Bergaran urrats horiei jarraitzea.
Era berean, eskatzen dute Bergarako Udalak Garoñarekin moztu webgunean jasotako agiria sina dezala eta kanpaina udal webgunean argitara dezala. “Halaber, herriko leku batean –ikusteko modukoa den leku batean– Bergaratik Garoñaraino, Txernobyleraino eta Fukushimaraino dauden distantziak adieraziko dituen errotulu bat jartzea nahi dugu”, zioen Lizarraldek.