Isabel Salud: "Era apalagoan landu behar dira alderdiko barne arazoak"

Xabi Gorostidi 2017ko ots. 10a, 12:00

Urtarrilaren 28an egin zuen 9. batzarra Ezker Anitza-IUk Barakaldon eta bertan %95eko babesarekin berretsi dute bergararra koordinatzaile nagusi kargurako. Oso barneratuta du ezkerra batzea dela kapitalismoari aurre egiteko modu bakarra.

Giro lasaia eta barne liskarrik gabekoa izan zen nagusi Ezker Anitza-IU-ren bederatzigarren batzarrean.
Isabel Salud koordinatzaile karguan berretsi zuten %95 kontsentsuarekin, eta ardura hori partekatuko du Espainiako Kongresuan duen diputatu karguarekin. Madrilgo parlamentuan eserlekua duen debagoiendar bakarra da bera. 

Kontsentsua eta giro lasaia izan ziren nagusi Barakaldon egin zenuten bederatzigarren batzarrean. Zeintzuk izan ziren hartutako erabaki garrantzitsuenak?
Proposamen guztiak %91 eta %94 arteko babes mailarekin onartu ziren, beraz, kontsentsu maila oso handia izan zen. Hartutako erabakien artean koordinatzaile nagusi bezala berrestu ninduten karguan, aho batez gainera. 2012tik hona eduki dugun balantzea oso positiboa izan da eta horrek ere asko laguntzen du. Madrazo eta konpainiaren garaiak gainditu ditugu, eta gaur egun instituzio guztietan daukagu ordezkaritza; udaletxeetan, Batzar Orokorretan, Eusko Jaurlaritzan, eta baita Espainiako Kongresuan ere. Hori alderdi instituzionalean, baina kalean presentzia edukitzea da gure lehentasuna.  Alderdi horretan, borroka eta gatazka sozialak jarraitzen ditugu erakunde eta sindikatuekin elkarlanean. Gure izaera ezkertiar purua duela bost urte baino definituago dagoela esango nuke.  

Kontsentsu giro horrekin errazagoa da lan egitea, ezta?
Guretzako batasun hori funtsezko elementua da. Guk bloke politiko-sozial izena jartzen diogu. Irabazi, Alternativa Republicana eta Equorekin egin genuen bere garaian. Podemosek orduan ez zuen gurekin bat egin    nahi izan, baina azken hauteskundeetan indarrak batu ditugu. Hauteskundeetara begira indar metaketak egitea erreza da, baina benetako erronka batasun hori eguneroko bizitzako konfliktoetan islatzea da. Zentzu horretan, asko daukagu oraindik egiteko.

Batasuna helburu estrategikotzat jarrita, begi onez ikusi al duzue batzarrean Podemosekin batera indarrak batzeko estrategia?
Hala da, balorazioa erabat positiboa izan da. Indarrak batzean elkarrekin lan egiten ikasi dugu, eta hori gero udaletxeetara ere hedatu daiteke. Akordiotara heltzea lortu dugu, eta hori garrantzitsua da.

Vistalegre II batzarraren ataritan gaude. Nola ikusten duzu zure taldekide direnen arteko ika-mikak  egunero albiste izatea?
Nik kongresuan egiten dut lan, eta bertan dagoen lan giroan ez da zatiketa giro hori igartzen, eta Eusko Jaurlaritzarako lan esparruan ere ez dago horren arrastorik. Erakunde bakoitzak bere prozedurak ditu eta errespetatu egin behar dira. Baina nire uste apalean, gizarteari begira proiektatu den zatiketa irudi horrek ez du laguntzen. Ezkerra zatituta eta ahulduta dagoela ematen du aditzera, eta hori ez da ona. Barne arazoak era apalago batean konpontzearen aldekoa naiz. Gustatuko litzaidake Vistalegreko batzarraren ondoren, gauzak lasaiago hartzeko eta tirabirak hobeto bideratzeko gai izatea.

Batzarrean azpimarratutako gaietako bat, kapitalismoaren eta neoliberalismoaren aurkako blokea eraikitzeko beharra izan zen. PSOEren eta Podemosen barne liskarrek ez dute lan hori errazten, ezta?
Guretzako ezkerra batzea da bide bakarra, ez dago besterik.  Podemos eta sozialistak aipatu dituzu, baina EH Bildurekin ere behar berdinak ditugu. Gure benetako etsaia, sistema kapitalista da. Herriko komertzioek zein enpresa txikiek ondo ezagutzen duten etsaia da. Gizarte bezala kontzientzia hartu behar dugu, horren aurka lan egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak