Argibel Euba: "Bergarako hiru pasarte agertzen dira filmetan"

Antropologoa eta Basker ikerketa lanaren egilea da Argibel Euba. Eguaztenean, 20:00etan, Zabalotegin emango dituzte Suediako SVT telebistak 60ko hamarkadan Euskal Herriko hainbat lekutan grabatutakoekin egindako dokumental etnografikoak. Ondoren solasaldia izango da Eubarekin.

Argibel Eubak (Galdakao, 1979), kasualitatez, garaiko egunkarietan irakurrita izan zuen Suediako SVT telebistak 1963an Euskal Herrian egindako grabaketen berri. Hari horri tiraka topatu zituen, 2009an, Basker –Euskaldunak, 24 minutukoa– eta Bondei i Baskerland –Nekazaria euskaldunen herrian, 17 minutukoa– izeneko dokumentalak, garaiko euskaldunen kulturaren eta bizimoduaren berri ematen dutenak. "Balio handikoak" zirela iritzita, lan haien, egileen eta dokumentaletan agertzen denaren eta direnen gaineko ikerketa abiatu zuen, eta berriki plazaratu du EHUren Mikel Laboa Katedraren bekari esker egindako lana, DVD –jatorrizko dokumentalak, azpitituluekin– eta liburu eran.
Zertan datza lan horien balioa?
Egileak zentratu ziren, batez ere, Euskal Herriko kultura tradizionalean: musikan, dantzan, herri kiroletan, folklorean, eta, baita ere, nekazarien edo landatar munduan. Ez da hiririk agertzen, mundu industriala edo garai hartarako indartsu zegoen hiritar kultura modernoa ere ez dira agertzen...
... trailerrean, dena den, lantegiren bateko irudiak agertzen dira.
Bai, eta hori aztertu dut lanean. Ze, beraiek ez dituzte gauza horiek ezkutatzen, baina ez dituzte erakusten ezaugarri nagusi bezala. Suediatik etorrita, eta hain herrialde aurreratua izanda Suedia, pentsatzen dut kontsideratuko zutela benetan interesgarria zela, gure herrian, nahiz eta kultura industria hori izan eta hiritar kultura hori eta bizi maila nahikoa altua izan, jendeak eusten ziela bizimodu zehatz eta tradizio batzuei.
Eta Bergarak protagonismo agerikoa du filmetan.
Bai, hiru pasarte agertzen dira bi pelikuletan banatuta. Basker izenekoan, pelikulako bigarren eszena eskupilotari buruzkoa da, eta eszena garatzen da, batez ere, Bergarako pilotaleku zaharrean. 1963ko otsailaren 5ean filmatutako partidua da, San Martin Agirreren kanonizazioaren mendeurreneko ospakizunetan. Pelikula berean, aurrerago, agertzen da bertso saio bat Umore Ona elkartean. Eta saio horretan agertzen dira Jesus Alberdi Egileor, Bergarako bertsolaria, eta Jose Mari Gabilondo, Antzuolakoa. Da saio informal bat, dena gizonezkoen artean, ardo botila batzuen inguruan, eta bertso nahikoa dibertigarriak kantatzen dituzte puntuka. Eta, azkenik, eszenarik luzeena eta, esan daiteke, esanguratsuena, Bergarari dagokionez, da bigarren pelikula ixten duena, Itxasmendi baserrikoa; bertan bizi zen Garitano-Irazabal familia, eta suediarrak joan ziren hara pare bat egunetan filmaketak egitera. Irudi pila bat filmatu zituzten, baina pelikulan agertzen direnak dira, batez ere, etxe barruko irudiak: sartu ziren sukalderaino eta filmatu zituzten etxekoak bazkaltzen, etxeko lanetan... irudi nahikoa bitxia da eta nahikoa polita, familiako bizitza agertzen duelako modu nahikoa hurbilean.
Nolakoa izango da eguazteneko saioa?
Aurkezpen orokor bat egingo dugu proiektuari buruz, testuinguruan kokatuko ditugu pelikulak; gero pelikulak osorik ikusiko ditugu, eta ondoren zentratuko gara Bergarako eszenetan, geldoago ikusiz eta komentatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.