Leire Palacios kazetariak markatu zizkien solasaldirako puntuak; hala ere, nahiko librean ibili ziren, bakoitzak bere esparrura eramanda.
Musikariaren ikuspegitik jardun zuen gehienbat Anarik, nahiz eta gaztelerazko irakasle ere izanik, kulturaren inguruan ikasleekin izan dituen bizipenak ere partekatu zituen publikoarekin. Gotzon Barandiaranek idazlearen ikuspegia erakutsi zuen eta baita parte hartzen duen askotariko kultur egitasmoetako bultzatzailearena ere.
Sormen aldetik krisirik ez
Euskal kulturgintzaren egoeraz egin zien Palaciosek lehenengo galdera. Hortik abiatuta, askotariko gaiak lotu zituzten hizlariek. Baikorra dela zioen Anarik, nahiz eta ipar eta hego Euskal Herriaren artean dagoen ezberdintasuna aipatu. "Kultura kontuak kuantitatiboki neurtzen dira eta nik nahiko nuke kualitatiboki begiratzea. Euskarazko proiektu asko daude eta horrek asko pozten nau. Aurreko belaunaldikook, uste dut, jakin genuela transmititzen euskaraz ere edozer sortu daitekeela. Euskararen erabilerari dagokionez erlaxatu egin garela sumatzen dut. Irabazita geneuzkan gerra txiki batzuk galtzen ari gara".
Barandiaranek sorkuntza ez dagoela krisian berretsi zuen; bat zetorren, era berean, neurketak modu kualitatiboan egitearekin. Kultur arloko eragile guztiek parte hartzeko aukera izango duten elkarlanerako guneak aldarrikatu zituen. "Ez dugu erakundeek hartzen dituzten erabakietan zeresanik. Eragile ezberdinen artean egin beharko litzateke egoeraren azterketa eta guztion artean markatu gero lan ildoak. Plazak badaude, baina, ez behar beste erabiliak". Euskaraz sortzeko grina sustatu beharra ere adierazi zuen, horretarako bitartekoak sortu behar direla gaineratuta. "Era berean, sortzaileak askotan ez gara iristen jendearengana, gure kazetariak mugatuta daude guk sortutako guztia zabaltzeko. Kultur kazetari gehiago izateko laguntzak sustatu beharko lirateke".
Transmisioaz eta sareaz ere bai
Oinarrian irakurketa nahiko antzerakoa egiten bazuten ere, iritzi ezberdina zuten hainbat gairen inguruan; horien artean, transmisioa bermatzeko moduaz. Barandiaranek proposatzen zuen kulturgileek hezkuntza arautuko curriculumean parte hartzea; baina, ezkorragoa zen Anari, kultura beti gutxien batzuen interesekoa dela argudiatuta.
Sarearen erabilerari dagokionez, hedapenerako eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu beharrekoak direla zioten; nahiz eta sare sozialei gehiegizko garrantzia ematea ez gustatu.
Domekan, Elorrieta eta Markez
Plazara! egitasmoaren barruan, domeka honetan bertan, Eñaut Elorrietak eta Mikel Markezek BAGA BIGA HIGA: Euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena emanaldia eskainiko dute 19:00etan, Zabalotegi aretoan. Sarrera doan izango da.