Herriko baserrietan jatorria duten abizenak, Patxi Larrañagaren eskutik

Julen Iriondo 2017ko urt. 20a, 20:16

Patxi Larrañagak prest du Bergarako oinetxe eta leinuen gaineko lehen liburua izango duenerako materiala. Azken ukituak egin eta inprentara bidaltzekotan da. Hainbat dira baserri batean, mendeetan atzera, sortu eta leku berean segitzen duten abizenak.

Harluxet hiztegi entziklopedikoak honela definitzen du oinetxea: Leinu edo familia baten sortetxe edo jaiotetxea; leinua, berriz: Familia bateko belaunaldien segida, familia bateko aurrekoen edo ondorengoen multzoa. Ezaguna eta aspaldikoa da Patxi Larrañagaren herriko baserriekiko interesa eta haien berri gehiago jakiteko eta zabaltzeko egindako lana –Bergarako baserriak izenburupean Interneten du jasoa–, eta, hori abiapuntu, baserri horietako zenbaitek duten ezaugarrian –abizen jatorri izatea, oinetxeak– arreta jarri eta liburuan batzeko lan egin du azkenaldian: oinetxeen eta mendeetan zehar hura bizitoki izandako leinuaren gaineko informazioa eta bitxikeriak jasoko ditu liburuak. Gaur egun ebakuntza batetik errekuperatzen, uda parterako bere lana aurkeztu eta azaltzeko moduan egotea espero du Larrañagak.

400 baserri denera 

400 inguru dira, gaur egun, Larrañagak Bergaran lokalizatuta dituen baserriak –kasu batzuetan, hondakinak edo aztarnak baino ez dira geratzen–; horietatik, 138 dira bertako familiari izena emandakoak –Larrañaga, Garitano, Agirre...–, eta, azken horietatik, hamar bat, mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, abizena etxean bertan mantendu dutenak –lehenengo edo bigarren abizen bezala–.

Datuen irakurketa egiten hasita, hasteko: zergatik baserrien herena bakarrik abizen emaile? Honela azaltzen du Larrañagak: "Abizen jatorri izan ez diren baserri horiek gerora sortutakoak dira. Gerren ondorioz, udalek publikoak ziren lur asko saldu behar izan zituzten; lau jauntxo ziren dirua zutenak, batzuek administrazioan eginda, baina, batez ere, merkataritzarekin, eta Ameriketan: Bergaran, adibidez, hamar-hamabi familia ziren horietakoak, eta bakoitzak zituen, bota, hamar baserri. Eta baserriok errentan jartzen zituzten".

Hori azalpena, beraz; ze, berez, Euskal Herriko berezitasuna bada abizenak etxearen izena edukitzea jatorri; eta horren atzean dago sorlekuarekiko atxikimendua eta haren garrantzia familiaren, leinuaren, muin bezala. Hain da horrela, gizon bat beste etxe batera ezkontzean bere abizena gal zezakeela etxe berriak, abizenak, balio –Larrañagak dio garai hartan oso kontzeptu erabilia zela– handiagoa zuelako, eta zuzenean etxe berriko izena, abizena, hartu –emaztearena, beraz; edo, berea galdu gabe, berearekin eta berriarekin abizen konposatua sortu: Elkoro-Berezibar, Elkoro-Barrutia...–.

Eta mendeetan zehar, gaur arte, abizena eman zien etxean mantendu diren leinuak, esanda bezala, hamar bat dira. Horietako bat da, adibide bat jartzearren, arandotarrena. Osintxuko Muskiritxu auzoan dago Arando baserria. Larrañagak artxiboetan topatutako oinetxe honen eta bertako bizilagunen gaineko berri zaharrena 1555 urtekoa da, non aipatzen diren Martin de Gomezcorta de Arando eta Gracia de Arando senar-emazteak etxe haren jabe gisa; eta oinetxe eta leinu honen gaineko azalpenean ikerlariak aipatzen duen azken arandotarra da Eusebio, Ines Beristainekin izandako seme-alaben bitartez abizenak XXI. mendean sorlekuan jarrai zezala egin zuena.

Bitxikeria ugari 

Oinetxeen eta leinuen historiaren testuinguruan –edo hura osatzeko edo sortzeko–, hainbat informazio eta bitxikeria jasoko ditu Patxi Larrañagaren liburuak, garai bakoitzaren, bizimoduaren eta abarren berri eman dezaketenak. Adibidez, eta familiari, abizenari, garrantzia handia ematen zitzaion garaiak izanda ere, Larrañagak dio deigarria dela familiako kideen arteko auzietarako –pleitoetarako– zenbaterainoko joera zegoen: "XVI. mendetik XX.era denek denen kontra jotzen zuten auzitara, denagatik. Semeak aitaren kontra, herentzia kondiziotan ez uztearren. Edo iseka egitearren... Eta, egia esan, horri esker ere badago dokumentazio asko, dena idatziz jasotzen baitzen".

Patxi Larrañagak laster argitaratuko duen Bergarako abizenak. Leinuak eta oinetxeak liburua hiruko sorta bateko aurrenekoa izango da, A eta B hizkiekin hasten diren 50 abizen inguru jasoko dituena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak