Bergarako kontsumo taldeak, osasuntsu

Maite Txintxurreta 2017ko urt. 13a, 10:00
Ezkerrean, Eskubaratzeko Aspiazu, Ruiz de Egino eta Azkoaga. Eskuman, Loidi baserriko Joxe Mari Eizagirre

Duela bost urte sortu zen herriko lehen kontsumo taldea, Angiozarko Loidi baserriko produktuekin betetako otarrak banatzen dituena; Eskubaratz proiektua, berriz, duela lau urte eratu zuten hiru gaztek. Talde biek martxa onean jarraitzen dute.

Duela bost urte sortu zuen angiozarko Loidi baserriko Joxe Mari Eizagirrek Bergarako lehen kontsumo taldea, eta oraindik ere martxan dirau. Martxoan, berriz,  lau urte izango dira Bergarako Jon Ruiz de Eginok eta Nere Aspiazuk eta Julen Azkoaga mañariarrak kontsumo talde bat eratzeko apustua egin zutela. Guztiak ere, ordura arte nekazal munduan gutxi ibilitakoak ziren, baina, hala ere, saltoa ematea erabaki zuten, eta Eskubaratz proiektuari ekin zioten. Lehen urtea "proba modura" egin zutela diote, baina, martxa ona ikusita, aurrera jarraitu zuten.

Gaur egun, Eizagirrek zein Eskubaratzekoek eguazteneko azokan egiten dute otarren banaketa, eta, horrez gain, talde bakoitzak bere produktuak saltzeko postua ere jartzen du.

Lau urteren ostean, ezin hobeto doakie gazteei. "Poliki-poliki goaz hazten" dio Ruiz de Eginok. Izurtzan (Bizkaia) daukate ortua. Azkoagaren aita nekazari profesionala da, eta hark utzitako lur batzuekin eta negutegi batekin hasi ziren, eta orain 3000 metroko lursaila daukate. Hala, 70 pertsonari banatzen dizkiete egun otarrak, eta itxaron zerrendan ere badute jendea: "hilero jende berria etortzen zaigu galdezka", dio.

Eizagirreren taldean, hasieran 10 bat kontsumitzaile zeuden, eta orain, berriz, 28 dira. "Gustura" dago bera daukan jendearekin, eta zabalik dago jende gehiago hartzeko ere. Interesa duen orok eguazteneko azokan topatuko du, edota loidijm@gmail.comera idatzita.

Talde bietako ekoizleak bat datoz esanez euren taldeak sortu ziren garaian "puri-purian" zegoela kontsumo taldeen kontua, eta orduan talde ugari sortu zirela. Dena den, beste kasu batzuetan joera horrek beherantz egin duen arren, haiek ondo eutsi diote, eta lan horrekin aurrera segitzeko asmoa daukate.

Filosofia berezia

Eizagirrek dio kontsumo taldeetan parte hartzen duten gehienak gazteak direla, "40-45 urtetik beherakoak". Gaineratu du garrantzitsua dela jakitea otarretan sasoiko barazkiak aurkituko dituztela kontsumitzaileek, eta, hortaz, gai horrekiko kontzientziazioa beharrezkoa dela, "neguan batez ere", ortuak gutxiago ematen baitu. Aste honetan, patata, erremolatxa, aza, brokolia, porruak eta kipula sartu ditu otarretan. Horrez gain, ardi esnea eta gatzatoa ere badu Loidik sasoi honetan.

Eskubaratzekoek nabarmendu dute euren ekoizpen modua agroekologia dela. Honek esan nahi du prozesu osoa "duina" izatea zaintzen dutela, ingurumenarekiko zein pertsonekiko. Esaterako, pertsonen esplotazioak ez du lekurik. Gertutasunari ere garrantzia ematen diote, eta horregatik hautatu dute zuzeneko salmenta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak