Bergarako bizikidetza hobetzeko ideia lehiaketa zabalik da otsailaren 1a arte

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko urt. 10a, 17:28

Lehiaketaren aurkezpenaren prentsaurrekoa

Bergara Elkarrekin Egin, ideia lehiaketa, Gabonetan jarri zuen martxan udalak. Lehiaketaren helburua bergararrek euren bizi kalitatea hobetzeko proiektuak proposatzea da, eta ideia irabazlearen proiektua gauzatzeko 100.000 euroko aurrekontua dauka udalak. 

Herritarren bizi kalitatean eragina izango duten ideia original eta bideragarriak jasotzea nahi du udalak, herritarren sormena eta irudimena balioan jarriz.

Udalak argitaratutako oinarri nagusiak

Bergarako udal aurrekontuekin eta/edo udalak duen antolaketa, baliabideak eta udal langileen laguntza nahiz auzolana erabiliz, udalari proposatzea:

  • Herrian sortu/hobetu daitezkeen azpiegiturak.
  • Herritarren bizi kalitatea hobetuko duten ideiak.
  • Herritarren partaidetza eta elkarbizitza sustatuko dituztenak.
  • Elkartasun premiei erantzuteko sustatuko dituztenak.
  • Herrian kultura eta herritarren aisia hobetzera zuzendutako ekimenak.
  • Beste batzuk.

 Horretarako kategoria desberdinak jarri dira, adinaren arabera sailkatutakoak:

  • 12 urtetik beherakoak.
  • 12-17 urte bitartekoak.
  • 18 - 60 urte bitartekoak.
  • 60 urtetik gorakoak.

Lehiaketa irekia da eta epaimahai batek eta herritarren bozkek erabakiko dute aurkeztutakoen artean zeinek merezi duen saria.

Ideiak bi baldintza hauek bete beharko ditu:

  • Proposatutako ideia bideragarria izan beharko da, ekonomia ikuspegitik. Udalak 2017ko aurrekontuetan 100.000 euro aurreikusiko ditu lehiaketa honetako ideietatik sor daitezkeen ekimenak aurrera eramateko.
  • Proiektua /ideia denbora laburrean eta epe motzera (2017an) bideragarria izango da. Fase ezberdinak ere aurreikusi ahal dira, baldin eta, fase bakoitzean emaitza autonomoak lortzen badira.

Ideien aurkezpena

Ideiak aurkezteko epea 2017ko otsailaren 1 artekoa izango da. Ideiak modu anonimoan aurkeztuko dira, lelo baten bitartez (identifikazio-kodea); lelo edo identifikazio-kode hori nork berak asmatutakoa izango da eta hitz bat eta lau digituko zenbaki bat izango du. Ideia aurkezteko orduan, kartazal nagusi bat itxita aurkeztuko da eta bertan beste bi kartazal hauek joango dira:
-A kartazala: itxita aurkeztu beharko da; horren azalean leloa (identifikazio-kodea) egongo da idatzita, eta barruan jasoko dira egilearen izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, telefonoa eta e-posta.
-B kartazala: azalean leloa egongo da idatzita, eta barruan honako euskarri hauek bildu beharko ditu, kasu guztietan gutxienez euskaraz aurkeztuta:

  1. Epaimahaiaren esku jarriko den ideiaren idatzizko aurkezpena. Hau derrigorrezkoa izango da, eta honako atal hauek izango ditu: ideiaren azalpena, helburuak eta onurak.
  2. Web-orrialdean eta erakusketa-aretoan jartzeko, ideiaren azalpen-kartela, A2 neurriko orri batean; bertan azalduko da ideia bera eta berau adierazteko beharrezko marrazki, grafikoak,azalpenak…

Euskarri hauetaz gain lehiakideek beraiek deritzen beste batzuk ere aurkeztu ahal izango dituzte, beste leku batzuetako esperientziak, aldaera posibleak, kudeaketa proposamenak.

Ideiak kartazal itxi batean (identifikazio leloa ikusteko moduan) ondorengo tokietan aurkeztu ahal izango dira:

  • Agorrosinen.
  • Liburutegian.
  • Udaletxeko erregistro orokorrean.

Oharrak:

  • Lehiaketak ideia bera saritzen du baina berez ez du esan nahi exekutatuko denik.
  • Lehiaketara aurkezten diren ideiak, aurkezten diren momentutik, udalak bere egin ditzake.
  • Anonimatua: epaimahaiak bere balorazioa egingo du txosten idatziak eskatu ondoren, baina ez da publiko egingo web orrialdearen bozketa amaitu arte.
  • Epaimahaiak proposamenen berri era anonimoan baino ez du izango.
  • Balorazioak honako ponderazioa izango du: epaimahaiaren balorazioa %50 eta herritarrena %50.
  • 2.725 euroko saria banatuko da bonotan: Parte-hartzaileen artean kategoria bakoitzean hiru ideia onenak sarituko dira eta bozka ematen duten herritarren artean 3 sari banatuko dira.
  • Lehiaketa ezerezean geratu dela adierazi dezake epaimahaiak, baldin eta uste badu ezin dela eman saririk, nahiko ona ez den proiekturik edo ideiarik, ez dagoelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak