Ugaztunen tailerra eta Arabara txangoa, Laboratoriumen eskutik

Laboratorium museoak, Mendia Bizirik Pol-Pol taldearekin elkarlanean, Bergarako eta Euskal Herriko ugaztunak ezagutzeko tailerra antolatu du egubakoitzerako; urtarrilaren 3rako, berriz, Mendixur parke ornitologikoa eta Arabako Natur Zientzien Museoa ezagutzeko txangoa.

Laboratorium museoak, Mendia Bizirik Pol-Pol taldearekin elkarlanean, Bergarako eta Euskal Herriko ugaztunak ezagutzeko tailerra antolatu du abenduaren 30erako: Errekaldeko lorategian bizi diren animalien lorratzak ezagutzeko ibilbidea; saguzarren babeserako kutxak eta katagorrien janlekuak lorategiko zuhaitzetan jartzea; eta museoko bildumako hainbat ugaztun ezagutu ondoren, hauen igeltsuzko oinatzak egiteko tailerra. Jarduerak Errekalde jauregiko lorategian eta museoko laborategian burutuko dituzte, eta saioak hiru ordu inguru iraungo du, 10:30ean hasita. 6tik 12 urtera arteko haurrentzat da egokia. Txikienak gurasoekin etortzea gomendatzen dute museokoek.  Parte hartzeko, izena ematea beharrezkoa da.

Urtarrilaren 3an, berriz, Arabara egingo dute txangoa. Helburua da bi leku hauek ezagutzea: Mendixur parke ornitologikoa eta Arabako Natur Zientzien Museoa. Txangorako helduek eta haurrek eman dezakete izena, familia giroan egiteko egokia izango da. 18 urte artekoek bete beharko dute gurasoen baimen orria, eta 16 urte artekoak, gainera, heldu batekin batera joan beharko dira ezinbestean. Baimen orria museoko harreran egongo da eskuragarri.

Egitaraua:

9:00

Irteera Bergaratik (Fraiskozuri plazatik, Udal pilotaleku paretik).

 

10:00 – 11:00

Natur Zientzien Museoa (Gasteiz). Bisita gidatua euskaraz. Ondoren, bisita librea.

 

11:30 - 12:00

Mendixurrera joatea Gasteiztik.

 

12:15 – 14:15

Mendixurreko parke ornitologikoa (Uribarri-Ganboako urtegia). Bisita gidatua euskaraz.

 

14:30

Irteera Mendixurretik

 

15:00

Bergarara iritsi

 

Txangoan parte hartzeko:

  • Prezioa: 10 €. Prezioan sartuta daude bidaia (autobusean), sarrerak eta bisita gidatuak.
  • Izena emateko modua: Museoko harreran zein Internet bidez egin ahal izango da izen-ematea. Parte-hartzaile bakoitzeko formulario bat bete beharko da. Plazak mugatuak dira.
  • Epea:  Urtarrilaren 2ra arte (13.00ak arte). Astelehenetik ostiralera 9:00 – 15:30;  ostiralean arratsaldez 16:00 – 19:00.

Formularioa bete orduko ordainketa egina egon beharko da, transferentzia bidez, kontu hauetako batean:

  • Laboral Kutxa: 3035 0009 16 0090900017
  • Kutxabank: 2095 5070 71 1062071534

Izen ematea museoko webgunetik egiten bada, ordainagiriaren kopia laboratorium@bergara.eus helbidera bidali behar da.

Bisita ornitologikorako materiala

Mendixurreko gidariek eta Bergarako Mendia Bizirik Pol-Polek bisita ornitologikorako materiala utziko dute (prismatikoak, teleskopioa eta material lagungarria –gidak, ilustrazioak…–), baina, daukanari, berea etxetik eramatea eskatzen diote.

Arabako Natur Zientzien museoa

Arabako Natura Zientzien Museoa 1986ko maiatzean ireki zuten. Gasteizen dago, Erdi Aroko dorre eder batean. Arabako Foru Aldundiaren museo honek natur zientzien arloko bilduma ikusgarriak gordetzen ditu. Oso ezagunak dira bilduma botanikoak (VIT herbarioa), paleontologia eta mineralogia bildumak eta zoologia bildumak. Euskal Herrian dagoen natur zientzien museo nagusia da.

Mendixurreko parke ornitologikoa

Uribarri-Ganboako urtegia, jatorriz artifiziala izanik ere, Euskal Herriko hezegune esanguratsuenetako bat da ornitologiaren ikuspegitik begiratuta. Urtegiko ertzak koska ugari dauzka, eta hegoaldean sakonera txikiko senadi ugari daude landaredi urtar oparoarekin, hainbat kopetazuri, murgil, txilinporta eta basahate bikoterentzat eta espezie bakanago batzuentzat (koartza gorria, ipar-ahatea edo ahate mokozabala) haztoki ezin hobea izanik. Gainera, migrazio-garaian eta negupasan, hezegunea aterpetxe eta jantoki da anatido, zangaluze eta lohietako espezie ugarirentzat. Mendixurreko parke ornitologikoa da hegaztiak ikusteko interesgune nagusia. Babes-figurak: Ramsar hezegunea, Natura 2000 sarea eta parke ornitologikoa. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.