Karmeldarren komentuko Sevillako eliza horretan dagoen Martinez Montañesen Santo Kristoaren laugarren mendeurrena betetzen da orain. Hala, Bergarakoarekin eta Granadako Seminario nagusian dagoen Pablo Rojasen -Montañesen irakasle izan zena- Gurutziltzatuarekin batera, hiru lanak erakutsiko dituzte hilabetez, erakusketa berezian. Era honetan, hiru belaunaldi eskultura egile ordezkatura egongo dira. Jon Molina San Pedroko parrokoak adierazi du oraindik ez dakitela noiz eroango duten, baina martxorako aurreikusita dagoela erakusketa.
Eskultura konpondu
Erakusketaren aurretik, baina, Andaluziako Ondare Historikoaren Institutuak berritu egingo du Bergarako artelana. Izan ere, belztuta dago, San Pedro parrokian gertatu zen sute baten ondorioz. "Kaperako erretaulan hartu zuen suak eta Santo Kristoaren belaun eta aurpegi aldeak belztu zituen keak" dio San Pedroko parrokoak. Molinak ezin izan du ziurtatu sutea noiz gertatu zen, baina XIX. mendean izan zela dio.
Juan Perez de Irazabal bergararrak, erregearen kontu-eramailea zenak, 1622.ean, Santo Kristoa hilzorian lantzeko agindua eman zionean sortutakoa da Juan de Mesaren artelana.
Lau urte beranduago, 1626an, Perez de Irazabalek Gurutziltzatuaren irudia bere jaioterrira, Bergarara, bidaltzea erabaki zuen eta ordutik hona dago San Pedron, korupean eta Ebanjelioaren aldean dagoen kapera berezian.
Barrokoaren eskultura-lan bikainenetakoa
XVII. mendeko eskultura eskola sevillarreko maisurik bikainenetakoa da Juan de Mesa eta Bergarako Kristoa Barroko garaiak Europan eman duen eskultura-lanik gorenetakoa da aditu eta kritikari askoren ustetan. "Anatomi aldetiko zehaztasunak, gorputzaren mugimenduak, formen perfekzioa eta Jesusen aurpegiaren sentimenduak sortzen duen inpresio hunkigarriak, erabateko maisu-lanaren aurrean gaudela baieztatzen du", adituen esanetan.