Herriko bertsolariak nor baino nor gehiago gaztetxean

Maite Txintxurreta 2016ko abe. 9a, 14:56
Lopez de Munain bertsotan, iazko kanporaketa batean.

Abenduaren 16an jokatuko dute Bergarako bertsolari txapelketa, hirugarrenez Kopla Barik bertso eskolak antolatu duena. Aurtengoan ez da kanporaketa saiorik izango, eta kartzela zaharrean erabakiko dute nor izango den 2016ko txapelduna.

Abenduan sartu gara honezkero, eta azken urteetan egin bezala, Kopla Barik helduen bertso eskolak Bergarako bertsolari txapelketa antolatu du.

Aurreko edizioetan egun desberdinetan herriko tabernetan kanporaketa saioak egin dituzten arren, aurtengoan saio bakarrean erabakiko dute nork eramango duen txapela etxera.
Bada, aurtengo txapelketako hitzordu hori abenduaren 16an izango da, hau da, datorren egubakoitzean, gaztetxean, 22:00etan. Sarrera doan izango da.

Kopla Barik eskolak antolatzen duen hirugarren edizioa izango da, eta ikusle ugari erakarri ohi ditu. Lehenago Kortazar tabernak antolatzen zuen txapelketari jarraipena emateko asmotan heldu zioten Kopla Barikekoek.

Parte hartzaileak

Herriko zazpi bertsolari izango dira taula gainean, guztiak ere txapelketa honetan esperientziadunak. Zehazki, ondorengoak izango dira: Jon Patxi Aiastui, Enaitz Alustiza, Jon Altuna  Oxan, Unai Aranzabal, Iñigo Artzelus, Gari Lopez de Munain eta Eñaut Uriarte. Ohi bezala, Ibon Leibar Txinbo arituko da gai jartzaile lanetan.

Iazkoan txapela jantzi zuen Iñigo Artzelus aurtenlehiakideen artean egongo da. Baita ere berarekin batera buruz buruko finalera iritsi zen Gari Lopez de Munain. Hain zuzen, bera izan zen irabazlea duela bi urte. Iaz finaleko saiora iritsitako Asier Arriaran Txiek ere ez du parte hartuko aurtengoan.

Bakarkako agurrekin hasiko dute saioa, hauek ere puntuagarriak izango direlarik, eta ondoren ariketa desberdinekin hasiko dira; zortziko txikian, handian, puntuka...

Ariketa desberdinetako puntuaketen arabera, bi onenak buruz buruko finalera iritsiko dira, eta bertan erabakiko dute zein izango den irabazlea.

Umorea nagusi

Beti bezala, umore ukitua ez da falta izango bertso txapelketa honetan. Hala, antolaketa taldeko Eñaut Alvarezek aurreratu du parte hartzaileei musika instrumentuak edota mozorroak ekartzeko eskatu dietela, horiekin bertso ariketa desberdinak egingo dituzte-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak