Gaur, egubakoitza, abenduak 2, Laboratorium museoak erakusketa berria inauguratuko du 19:00etan: Ikimilikiliklik. J.A. Artzeren unibertsoa. Urtarrilaren 8ra arte izango da berau bisitatzeko aukera.
Ohiko erakusketetatik aldentzen da museoak dakarren proposamen berri hau. Izan ere, ikus-entzunezko sorkuntza bat da. Alberto Lizarralde eta Carlos Rodriguez dira zuzendariak. Lizarraldek hala deskribatu du zein den lortu nahi izan duten efektua: "Joseanekin (Artze) erakusketa bat sortzeko aukera komentatu nuenean, ideia zen ez izatea zen argazkiz eta testuez osatutako ohiko erakusketa bat, baizik eta zerbait desberdina; giro bat sortu nahi genuen". Hala, horren emaitza bisitariari erakusketan "murgiltzeko" aukera emango dion ikus-entzunezko muntaia bat dela azaldu du zuzendariak.
Artze, "diziplinarteko artista"
Lizarraldek nabarmendu du Josean Artze "aparteko" artista dela, eta, berezi egiten duen diziplinartekotasun hori islatu eta gogorarazi nahi izan dute Ikimilikiliklik erakusketaren bitartez.
Izan ere, Mikel Laboak abestutako Txoria txori edota Gure Bazterrak bezalako abesti ezagunen egilea da Artze, baina, horrez gain, hainbat poema liburu idatzi ditu, eta audio grabazioak edota ikuskizun eszenikoak ere burutu ditu. Azken horien artean, azpimarratzekoa da Ikimilikiliklik, musika, poesia eta irudia uztartzen zituen ikuskizun multimedia, 70eko hamarkadan testuinguru kulturala astindu zuena. Hain zuzen, lan honetatik hartu du izena Laboratoriumen ikusgai egongo den erakusketak.
Zientzia eta kultura, eskutik
Erakusketa iragartzeko eginiko prentsaurrekoan, Maite Agirre kultura zinegotziak adierazi zuen kultura eta zientzia "kate beraren katebegiak" direla; hori dela eta, nabarmendu zuen Laboratorium zientzia museo bat den arren, hori baino gehiago, "gizarte museo bat" ere izan nahi duela, eta horregatik jasoko duela mostra hau.