"Erantzukizun handiko ohorea da 'jakitun' izatea"

Mireia Bikuña 2016ko aza. 11a, 12:00

Gaur, egubakoitza, azaroak 11, urteko bigarren batzarra egingo du Jakiundek. Bi jakitun berri izendatuko ditu. Horietako bat da Jesus Mari Lazkano margolaria (Bergara, 1960).

Apiriletik dakizu jakitun izango zinela, baina, gaurkoa duzu lehen batzarra. Zer moduz zaude?

Urduri, baina gogotsu. Ezustean jaso nuen eskaintza. Jakiundeko kide izatea ohorea da. Are gehiago, bergararra izanda. Baina, era berean, erantzukizun handiko konpromisoa da.

Jabier Agirresarobe, Bernardo Atxaga, Paco Etxeberria, Pedro Miguel Etxenike, Iñaki Goirizelaia, Mari Carmen Gallastegi... Izen handiak dituzu alboan.

Zientzia, artea eta letrak batu gura dituen akademia izanik, arlo ezberdinetako ordezkariak gaude. Oso aberasgarria izango da eurekin lan egitea. Nire ekarpenak egingo ditut, baina beste iturrietatik edateko aukera ere izango dut. Arte-sorkuntzan eta pentsamendu kritikoan ospetsuak diren hainbat pertsona biltzen ditu erakundeak eta horko parte izatea ederra da. Denon ekarpenekin gauza berriak sortu behar ditugu.

Zein izango da zure ekarpena?

Nire asmoa asko ikastea da. Akaso, sorkuntza mailako ordezkari gutxi gaude eta horren alde lan egin beharko nuke, baina, apurka-apurka. Pausuz-pausu.

Zein da jakitun baten lana?

Bide laburra egin dut eta akaso ez naiz pertsonarik aproposena horri erantzuteko [Barre]. Baina, esango nuke, nor bere alorreko ezagutzak eta jakituriak mahai gainean ipini, zabaldu eta besteen laguntzarekin ezagutza humanistikoa eta zientifikoa bultzatu eta indartu behar duen pertsona dela. Hiru bide ditugu zehaztuta: Erronka, Jakin mina eta Topaketak.

Lanerako zer nolako dinamika daukazue Jakiunden?

Urtero bi batzar egiten dira: apirilean bata eta azaroan bestea. Hor izendatzen dira kide berriak.

Jakiundeko kide bai, baina lanean jarraitzen duzu. Zer daukazu esku artean?

Ekainean Artikora joango naiz beste artista batzuekin, gai eta inspirazio bila. Yate batekin ibiliko gara glaziar artean.

Urriaren 16ra arte egon zen ikusgai Ikusmira Donostian. Nolako harrera izan du?

Oso ona. 50.000 lagunek ikusi dute nire bizitzaren laburpena egiten zuen erakusketa. Iritzi onak jaso ditut. Eskerrik asko guztiei, bereziki, Bergaratik Donostiara joandako lagunei eta herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak