Auzoko egitasmoa ezagutzeko parada datorren astelehenetik egubakoitzera

Maite Txintxurreta 2016ko aza. 10a, 17:32

Auzokoko Maddi Aspiazu eta Izaskun Labaien zinegotzia

Euskararen eta aniztasunaren astea antolatu du lehenengoz auzotarrak eta auzokideak batzen dituen egitasmo honek. Gaur egin dute aurkezpena Maddi Aspiazuk, Bergarako Auzokoko arduradunak eta Izaskun Labaien euskara zinegotziak.

2009 urteaz geroztik dago martxan Bergaran Auzoko egitasmoa. Jardun euskara elkarteak bultzatzen du, Udalaren laguntzarekin.

"Etorkinak eta orain arte euskara urrun izan duten horiek euskarara hurbiltzea" da Auzokoren helburua, Izaskun Labaienek azaldu duenez. Horrez gain, "integrazioa eta sozializazioa" ere bilatzen du.

Horretarako, eskolak egin beharrean, auzokideak (kanpotarrak edo euskaraz ez dakitenak) eta auzotarrak (euskaraz dakitenak) elkartu eta modu ludikoan denetariko ekintzak egiten dituzte, beti ere euskara oinarri hartuta. Hitzordu hauetan dinamizatzaile bat izaten da ekintzak bultzatu eta komunikazioa errazteko.

Labaienek nabarmendu du Auzokoko parte hartzaileek herrian antolatzen diren hainbat ekintzatan ere parte hartzeko ohitura dutela: "Bergarako jaietan, erreka garbiketan...". "Horrez gain, beraiek antolatzen dituzten ekintzetan jendea parte hartzera gonbidatzen dute".

Lau talde

Gaur egun, Bergarako Auzokon lau lagun talde daude martxan: bi misto, Udal Liburutegiko ganbaran elkartzen direnak ( biak egubakoitzetan; bata 10:30ean eta bestea 18:00etan), emakumeen talde bat (eguaztenetan 18:30ean liburutegian biltzen dena) eta Osintxuko taldea (astelehenetan, 18:30ean, Osintxuko ludotekan). Aspiazuk nabarmendu du "adin tarte eta nazionalitate desberdinetako jendea" elkartzen dela lagun talde horietan.

Herrira zabaltzeko nahia

Euskararen eta aniztasunaren astearen antolatzaileek azaldu dute ekimen berri hau antolatzeak Auzoko ezagutzera emateko helburua duela. "Euskaldunei zein euskaraz ez dakitenei zuzendutako ekintzak izango dira", dio Aspiazuk. Hala, herritar oro animatu nahi izan du antolatu dituzten ekintzetan parte hartzeko.

Egitarau osoa

AZAROAK 14, ASTELEHENA

Gipuzkoa aniztasunaren aurrean hitzaldia

Agustin Untzurruntzaga ( SOS Arrazakeria)

18:30ean Irizar jauregian

AZAROAK 15, ASTEARTEA

Compartimos tailerra

Zergatik euskara ikasi?

¿Por qué aprender  euskara?

18:30ean Irizar jauregian

AZAROAK 16, ASTEAZKENA

Auzokoak dokumentalaren emanaldia eta solasaldia

19:00etan Zabalotegi aretoan

AZAROAK 17, OSTEGUNA

Munduko musika emanaldia

Irala kalean, 18:30etik aurrera

AZAROAK 18, OSTIRALA

Zatoz auzoko ezagutzera!

Udal Liburutegiko ganbaran, 18:00etan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak