Herriko parte hartzaileez gainera, Gasteiztik, Eibartik, Arrasatetik, Irunetik, Donostiatik eta Bizkaiatik etorri diren lehiakideek hiru joko zituztela aukeran azaldu du Iker Domingezek, Wolfram Encounterreko koordinatzaileak: "League of legends jokoa da horietako bat, bost lagunek elkarrekin jolasten duten estrategia jokoa da. Joko horretan, Asier Calvok gidatu duen Bergarako boskoteak irabazi du. Bigarren jokoan onena Bizkaitik etorri den Mikel Mitch Pijoan izan da. Hearthstone jokoa da hori, karta joko bat da. Clash Royale, hirugarren jokoa, berriz, telefono mugikorrekin eta tabletekin jolasteko gerra jolasa da, eta Bergarako Isaiah, hamabi urteko mutikoak irabazi du. Lehenengo bietan parte hartzeko 16 urtetik gorako parte hartzaileak izan behar ziren, eta hirugarrenean, berriz, ez zegoen adin mugarik ".
Antolatzaileak oso gustura daude lehiaketan izan duen harrerarekin eta lehiakideen artean izan den giroarekin. "Lo egiteko tokia ere bazegoen eta, parte hartzaile batzuk bertan pasatu dute gaua. Lehiaketak ordutegi zehatz bat zuen eta horretatik kanpo, parte hartzaileek gura izan duten beste hainbatetan jolasteko aukera aprobetxatu dute".