Zientzia gertutik ezagutzeko askotariko ekimenak

Aitziber Aranburuzabala 2016ko aza. 5a, 15:24

Zientziarekin jolasteko adin mugarik ez dagoela argi geratu da gaur, zapatua, Bergaran egiten ari diren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldietan. Robotak egiteko tailerrak, ur mekanismoaren erreplikaren aurkezpenak eta bideo-jokoen txapelketak harrera ona izan dute herritarren eta kanpotik etorritako zaleen artean.

Zortzi urtetik gorako haurrek etxean ohikoak izaten diren hainbat tresna erabilita  -hortzetako eskuilak, pilak, dardaragailua eta kola) jostailu itxurako robot txikiak egiten gustura jardun dute Hackprende elkarteko begiraleek gidatuta. Zientziarekiko zaletasuna eta era horretako jostailu txikiak egiteko trebezia dutela erakutsi dute Seminarioko karpan bildutako neska-mutikoek.

Jose Mari Rubioren eta Felipe Uriarteren asmakizunak

Erretiroa hartu zutenetik, ordu asko egiten dituzte Rubiok eta Uriartek tailerrean; euren zaletasuna, askotariko mekanismoak dituzten tramankuluak egitea da. Azkenekoa, gaur aurkeztu dute Laboratorium museoa: XVI. Mendean Italiako Juanelo Turriano asmatzaileak egin zuen Toledon Tajo ibaitik ura igotzeko mekanismoaren erreplika. Aretoa lepo beteta, Turrianoren inguruko azalpenak eman dituzte hasteko; eta ondoren, egin duten eta gaur herritarren aurrean erakutsi duten tramankuluaz jardun dute.

Aranzadiko kirolgunean, bideo-joko txapelketa

Gasteiztik, Arrasatetik eta beste hainbat tokitatik etorritako gazteak, berriz, bakoitza ordenagailu baten aurrean, bideo-jokoekin ari dira jolasten. Goizeko 10:00etan hasita eta bihar goizeko 9:00ak bitartean eten handirik egin barik izango dira han. Bihar, domeka, 14:00ean egingo dute sari-banaketa.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak