Antzinako Bergarako istoriorik ilunenak ezagutzen Bautista leprosoaren eskutik

Arimen gauaren bueltan, bisita gidatu berezia izan zen atzo herriko alde zaharrean zehar. Erdi Aroko leproso bat jende artera itzuli zen bere garaiko izurriteak eta kontu ilunak gogora ekartzeko.

Jakina denez, izurrite latzen garaia izan zen Erdi Aroa, tartean, legen beltza edo lepra. Bada, Bautistak gaixotasun hori zuen, eta garaiko Bergaran bizi zen. Orduan Ariznoa plaza, hau da, gaur egun epaitegia dagoen plaza, zen herriko plaza, eta bertan zegoen hilerria ere. Hori dela eta, hantxe hasi zen atzo Bautistaren bisita gidatu berezia.

Lehengo arimen gaua

Bautistak gogoratu zuen, nahiz eta gaur egun ahaztuta egon, Euskal Herrian aspaldiko usadioa izan dela arimen gaua ospatzea. Lehenago, elizako Kontzeju Zabala zeritzonean hartzen ziren herriari zegozkion erabakiak, eta hala, familia bakoitzak bere jarlekua zuen, eta bertan egiten zituzten batzarrak. Bada, hildakoak ere hor lurperatzen zituzten, Kontzeju Zabalaren azpian, Bautistak azaldu zuenez.

Arimen gaua heltzean, familia bakoitzak kontzejuan argizaiola bana jartzen zuen, gizaki itxurako argizaiola, eta gau osoan zehar piztuta mantentzen zuten, hildakoei argitasuna emateko.

Gaixoen bizimodua

Erdi Aroko Bergaran legena zuten gaixoen bizimodua "gaur egun ezagutzen ditugun zombiena baino latzagoa" zela dio Bautistak. Izan ere, gizarteak baztertu egiten zituen, eta, besteak beste, Bautistarena bezalako jantzi berezia izan behar zuten soinean, eta kanpaitxo bat jo behar zuten, ingurukoek jakin zezaten kutsatuta zeudela.

"Bizitzan hiltzeko zeremonia" egiten zela ere azaldu zuen atzokoan gidak. Hala, legendunak elizan izara beltz baten gainean etzaten zituzten, eta bertan azkenengo meza eskaintzen zieten. Segidan, elizaren mendebaleko atetik, hau da, "alde ilunetik" kanpora ateratzen zituzten eta ondorengoa esaten zieten: "munduarentzat hil egin zara, baina Jainkoarentzat jaio zara".

Zeremonia hori egin ostean, gaixoek herria utzi behar zuten, garai hartan Goenkale, Artekale eta Barrenkale kaleek osatzen zutena, eta Ondartza jauregitik gertu zegoen lazaretora bidaltzen zituzten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.