Rodriguez: "Elkarlana da euskalgintzaren funtsa"

Maite Txintxurreta 2016ko urr. 20a, 12:00

Soziolinguistikan aditua den bizkaitarrak 'Sutondoko kontuak' izeneko bere lehen liburua aurkezteko hitzaldia eskaini du asteon Irizar jauregian, Jardun euskara elkarteak antolatutako 'Hasi etxetik... eta euskaraz mundura' zikloaren baitan.

Jardun euskara elkarteak antolatutako Hasi etxetik… eta euskaraz  mundura zikloaren baitan, soziolinguistikan aditua den Txerra Rodriguezek bere lehen liburua aurkeztu zuen eguaztenean Irizar jauregian: Sutondoko kontuak.

Liburu horretan, denetariko istorioak, umore ariketak eta pasadizoak bildu ditu autoreak, guztiak ere soziolinguistikarekin eta haren dibulgazioarekin lotuta daudenak. Izan ere, Rodriguezek uste du gai honekin "batzuetan serioegiak eta askotan aspergarriak" direla adituak.

Hala, liburuko zenbait pasarte irakurri eta horiei buruzko hausnarketa egin zuen Rodriguezek, beti ere umore tonua mantenduaz. Esaterako, azkenaldian dezente entzuten den euskalgintzaren eta feminismoaren arteko lotura izan zuen hizpide. Ahalduntzearen kontzeptua, edo "norberagandik hastea" lantzearen garrantzia azpimarratu zuen, borroka kolektiboekin ere uztartuaz, beti ere: "Edozein bide da beharrezkoa".

Bertaratutakoak ere itaundu zituen, galdetuaz ea nork erabakitzen duen koadrila baten gazteleraz egitea.
Rodriguezek azaldu zuen euskalgintzaren funtsa "elkarlana" izan behar dela, eta ezinbestekoa dela "sarea osatzea".

Iñigo Asensioren dokumentala

Ziklo beraren baitan, urriaren 26an, eguaztena, 19:00etan Zabalotegi aretoan Iñigo Asensioren Euskara Munduan–Besteen ahotan dokumentalaren emanaldia eta solasaldia izango da.
Munduko hainbat herrialdetan euskaraz ikasteko hautua egin duen jendea da ikus-entzunezko horren protagonista.

Berriketan

Jardunen mintzapraktika egitasmoan izena ematea zabalik dago honezkero. Lagunartean euskaraz praktikatu nahi dutenak Jardunen Errotalde jauregiko bulegoan apuntatu daitezke, baita 943763661 telefonoan edo jardunkultura@topagunea.com helbidera idatzita ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak