Guardia Zibilak herritar bat heriotzarekin mehatxatu duela salatu du Bergarako Sortuk

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko ira. 28a, 12:50

Bergaran bizi den Iñigo Akaiturri heriotzarekin mehatxatu duela salatu du, hain justu, Bergarako Sortuk. Akaiturrik berak kontatu du gertatutakoa atzo arratsaldean egindako prentsa agerraldian eta adierazi du dagoeneko jarri duela Guardia Zibilaren kontrako salaketa Bergarako epaitegian.

Bergaran bizi den Iñigo Akaiturri duela hiru aste inguru herritik Zornotzara lanera zihoala, Guardia Zibilaren kontrol batean gelditu zuten Elorrion. Akaiturrik berak kontatu du autoa bazterrean utzi eta bertatik ateratzeko agindua eman ziotela, eta horren ostean galdetu ziotela ea espetxean egondakoa zen. Berak baietz, ETAko kide izateagatik egon zela, eta orduan hasi omen ziren galdezka ea zein taldetakoa zen, nortzuk osatzen zuten taldea, nork egiten zuen tiro… Hauxe gaineratu du: "Momentu baten esan nion nik ez niela erantzungo galdera horiei eta orduan esan zidaten Land Rover baten atzean ipintzeko. Zeuzkaten bost bat Land Rover sartuta bide bazterrean eta han atzean ipini nintzen".

Akaiturrik gaineratu du galderak egiten jarraitu zutela eta berak erantzun ziela galdera politikoei ez ziela erantzungo. Beranduago etorri zen mehatxua, azaldu duenez: "Momentu baten esan zidan ea nik niretzat ordainduta nuen egindakoa, nik esan nion baietz eta berak esan zuen ezetz.  Esan nion “hori zure arazoa da, ez nirea”. Eta berak momentu horretan esan zidan ea ordaintzekotan zela zen modurik errazena berarentzat: zulo bat egitea, buruan tiro bat ematea eta luperatzea zulo horretan".

Biktimen kontua ere atera zutela adierazi du Akaiturrik eta ordu eta erdiz eduki zuten bertan, azaldu duenez. Autora sartzeko esatean, dokumentazioa lurrera bota eta “terrorista zikin” bat zela esan ziotela gaineratu du.

Hurrengo egunean, Bergarako epaitegian salaketa jarri zuen Guardia Zibilaren kontra.

Babesa, Bergarako Sortuk

Bergarako Sortuk agerraldiarekin babesa adierazi nahi izan diote Akaiturriri eta adierazi nahi izan du Akaiturriren gertaera hori ez dela kasu isolatu bat eta biolentzia hori guztia gelditzeko exijitu du: "Gure exijentzia argia da: biolentzia bukatu behar da herri honetan, bakean bizitzeko eskubidea daukagu eta gure ustez preso politiko eta iheslari politiko guztiak etxera ekarri behar dira lehenbailehen, eta Guardia Zibilak eta gerra egitera etorri ziren denak hemen soberan daudela eta alde egin behar dutela hemendik. Hitz batean, amnistia deitzen zaio horri", azaldu du Bergarako Sortuko Ibai Redondok.

Zapatuan, Azpeitira joateko deia

Bide batez, zapatu arratsaldean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Angel Otaegiren familiak deitu duen ekitaldian parte hartzeko deia ere egin zuten. Otaegi 1975an, atzoko egunez fusilatu zuen Guardia Zibilak, Frankoren aginduz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak