"Ikasketak egiteko askok behar dute UNEDen erritmo pertsonalizatua"

Ubane Madera 2016ko ira. 17a, 08:38
Iñaki Esparza martitzenean, Gipuzkoako Foru Aldundian emandako prentsaurrekoaren ondoren.

Iñaki Esparza Leibar (Bilbo-Iruñea, 1962) Zuzenbide Prozesalean katedraduna da EHUn eta UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuko zuzendaria 2010etik. UNED-Bergara ikastetxearen ibilbideaz eta balioaz jardun du, besteak beste, adieraziz "UNEDen egiten den lana zerbitzu soziala" dela, "eta balioan jarri" behar dela. 

1976an sinatu zen Bergaran UNEDen ikastetxe elkartua bideratzeko erabakia, 200 urte lehenago, 1776tik, Goi Mailako Ikasketak eskaintzeko legezko onespena zuen Errege Seminarioan bertan. Bergaran goi mailako ikasketetarako ibilbidea egin izana erabakigarria izan zen UNEDen eskaintza bertan kokatzeko?
Bergaran aurkitu eta sintetizatu zuten wolframioa duela pare bat mende; nazioarteko eta lehen mailako aurkikuntza izan zen. Beraz, goi mailako ikerketa zentroa zegoen bertan garai hartan. Pentsatzen dut orduan alkate zen Jose Luis Elkorok ikusiko zuela aukera Bergarako tradizioari jarraipena emateko eta estatuan bi urte lehenago sortu zen UNED Bergaran ere jartzeko. Bergaratik kanpo, bereziki kimikariek eta zientzietan ikerlari eta irakasleek ere oso ondo dakite Bergarako kontu hori, eta planteatu zenean UNED Bergaran egitea, ilusio handia sortu zuen, Bergara, aurkikuntza egin zeneko lekua, ezagutzeko aukera emango zielako. Bergaran bazegoen elkarte ilustratu bat, eta haien ondorengoek tradizioa babestu egin zuten eta aukera ikusi zutenean hura gauzatzeko baliabideak jarri zituzten.
Arrakastatsuak izan ziren lehen pausoak, oker ez banabil, ehunka ikaslerekin hasieratik, ezta?
Bai; balio izan zuen hainbat belaunaldik euren prestakuntza egin ahal izateko. Garrantzi estrategikoa izan zuen UNED-Bergarak.
Goraipatu izan da UNEDen eskaintza malguak ahalbidetu izan duela emakumeei, bereziki, ikasketok egiteko aukera zabaldu izana, bereziki 70-80ko hamarkada hartan…
Zalantzarik gabe. Eta edonori. Izan ere, unibertsitate presentzialen erritmoa jarraitzeko norberak baditu urte bakoitzeko 1.600-1.800 ordu, ez dago arazorik; baina edozein baldintza, beste lan edo ardura baldin bada, ezin da unibertsitate presentzialen erritmoa jarraitu; beraz, emakume nahiz gizon, erraztasun handiak ematen dizkio UNEDek ezartzen dituen erritmoak, pertsonalizatuak direlako. Adibidez, lanean dagoen pertsona bat ezin da joan 1.600-1.800 ordutan fakultate batera, eta, presarik izan ezean, UNEDen bitartez, aukera daiteke urte akademiko bakoitzeko zenbat ikasgai nahi diren; hori unibertsitate presentzialean ezin da egin. Gu haien osagarri gara. Horregatik esaten dut gure lana zerbitzu soziala dela; bestela, pertsona askok ezingo lukete edo oso zaila izango lukete goi mailako ikasketak egitea.
Zein da UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuaren erretratua zifratan?
2.000 ikasle ikasketa ofizialetan eta propioetan beste 1.000 inguru.
Ezjakintasunetik abiatuta, hori asko da, ezta?
Bai, eta erkidegoan 7.000 ikasle dira. Adibidez, Nafarroan bi zentro daude, Iruñean eta Tuteran, eta Nafarroan 4.000 bat ikasle dira, eta Nafarroak Gipuzkoak baino populazio apur bat txikiagoa du. Eta Gipuzkoan, gainera, bost unibertsitate ditugu.
Araututako ikasketak eskaintzeaz gain, UNEDen ezaugarrietako bat bada ez araututako ikasketak eskaintzea. Zela eragiten du horrek unibertsitatearen eskaintzan?
Estatuan guztiok ematen ditugu araututako ikasketak; gero, norberak edo ahal duenak ingurura egokitzen den eskaintza propioa egiten dugu. Guk hori aspaldi egin dugu eta indartu egin nahi dugu; horretarako Ikasketa Propioetarako Zentroa jarri dugu abian aurten, bigarren zutabe hori irmotu nahi dugulako; izan ere, horri esker egokitzen gara gizartean dauden beharretara.
Zentzu horretan, UNED-Bergara zabaldu zenean iragarri zen egon zitekeela eskaintza kultural euskalduna. Ze punturaino izan zen horrela? Idazle Eskola hor egotea, adibidez, horren ondorio da?
Bai. Eta hori ere potentziatu nahi dugu. Uztailean egin genuen Tere Irastortzarekin, Idazle Eskolako zuzendariarekin, harremana hori egiteko; bestalde, orain hitzaldi ziklo bat prestatu dugu, horietako hainbat euskaraz izango dira eta horrekin hartuko dugu tenperatura ikusteko ze punturaino dagoen interesa, eta, horren arabera, aurrera jarraitzeko.
Eta ez araututako zuen eskaintzan, adibidez, igartzen da euskararen presentzia handitu egin dela?
Bai. Guk normaltasunez erabiltzen dugu euskara UNEDeko lanetan eta saiatzen gara produktu akademikoak euskaraz egiten. Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin landu izan dugu gaia (gainera, uztailetik Jaurlaritza UNEDeko Errektore Kontseiluko kide ere bada), eta hark badaki UNED Bergaran elebiduntasun urratsa egiteko potentziala dagoela. Gure aldetik prest gaude egiteko, eta gainontzeko agenteek urrats hori egiten badute, gai izango gara. Guretzat, estrategikoa da.
40 urteko ibilbidea eginda, zeintzuk dira epe motzerako erronkak?
Aurtengo ikasturtea abian jarri, planifikatutakoa gauzatu, eta horren analisia egin. Prestatzen hasi gara ikasturte berriaren inaugurazioa, seguru aski urriaren 21ean izango da. Hor nahi dugu parte hartzea modu nabarmen batean orduko alkate Jose Luis Elkoro, orduko lehen zuzendaria Jesus Arpal eta baita ere, Manolo Cainzos, sortzaileetako bat. Protagonismo berezia eman nahi diegu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak