Bergarako Bandak eta Orkestrak eskainiko duten kontzertura joateko dei egin dute

Eneko Azkarate 2016ko eka. 17a, 06:00
Chrirlaque eta Iñarra Bergarako Musika Bandaren eta Orkestraren entsegu tokian.

Oraingo domekan estreinatuko da Hizkuntza erreinu, Kilometroak 2016rako Alfredo Gonzalez Chirlaquek konposatu duen obra sinfonikoa, Maddi Iñarraren letrarekin. 12:30ean hasita, Udal Pilotalekuan. "Jendeari esan nahi diot kontzertura etortzeko, berezia izango da-eta" dio Chirlaquek; zuzenean eta "orkestra guztiarekin behar bezala entzuteko irrikaz nago", Iñarrak. Kontzertua doan izango da.

"Bergarako Kilometroak dela-eta, herri eragile, elkarte eta taldeekin elkartu ziren, baita Bandako eta Orkestrako musikariekin ere. Eta Bergaran egin diren aurreko Kilometroak jaietan ere Udal Musika Bandak kolaboratu izan duenez, eta aurtengoa herrian egiten den hirugarren Kilometroak denez, zerbait berezia egitea erabaki genuen" dio Alfredo Gonzalez Chirlaquek.

Udal Musika Bandak hilero eskaintzen duen kontzertua bi zatitan banatuko da. Lehen zatian Udal Musika Banda ariko da, hileko ohiko emanaldian. Hiru pieza eskainiko ditu: Beti lagunak martxa; The pearl fishers obertura, eta La conga del fuego nuevo.

Bigarrenean, Bandak eta Orkestrak bat eginik, bi obra eskainiko dituzte: Frozen, izen bereko filmaren soinu banda, eta aipatutako Hizkuntza erreinu; azken hau, ahotsetan, Aranzadi Ikastolako ikasle eta irakasle talde baten laguntzarekin eta Aitor Garitano ahots bakarlari dela. Abesbatzaren zuzendari lanak Izaskun Labaienek egin ditu.

Guztira, 130 lagun izango dira agertokian.

Esperientzia berria

Hizkuntza erreinu obraren letra Maddi Iñarra bergararrak egin du, Kilometroak 2016ko abesti ofizialaren, Emon taldearen Demasa abestiaren, letra egile berak. "Honako Hau ere esperientzia berri eta interesgarria izan da. Demasa kantuarekin lehenengo aldi horren beldurra apur bat gaindituta, lasaiago egin dut oraingoa. Lana antzerakoa izan da: transmititu nahi zena argi izan, doinua barneratu eta erritmoaren gainean idazten hasi" dio Iñarrak.

Aitor Garitano eta Alfredo Gonzalez Chirlaque, Bergarako Orkestra Sinfonikoarekin, entseatzen.

Hiru zatitan

Musikari dagokionean, berriz, Alfredo Gonzalez Chirlaquek hala deskribatu du obra sinfonikoa: "Obra deskriptiboa da eta hiru zatitan banatzen da. Bezpera, Mezua eta Eguna. Halaxe izendatu ditut hiru zatiak. Lehen zatian, metalezko fanfarre soinu ozeneko eta koloretsua nabarmentzen da, instrumentu askorekin lagunduta. Zerbait handiaren zain gaudela adierazi nahi da. Baina apurka musika gutxitzen doa eta amets baten murgiltzen gara: 'Dena ondo aterako da?, eguraldiak lagunduko du…?'.

Bigarren zatian sartu dugu obraren testua, ahotsekin lagunduta doana, bakarlariarekin eta koruarekin. Bigarren zati honek dauka oso musika erromantikoa, intimoa, suabea. Melodia nabarmentzen da. Soka-instrumentuek hartzen dute protagonismoa… Kilometroak 2016ren mezua doa hor, jaiaren zergatia eta abar. Azken zatia, ezpata-dantza da, erritmo euskaldunekoa. Eguna esnatu da, 10 kanpai-hots entzuten dira eta ibilbideari eta egunari hasiera ematen zaio. Oso erritmikoa da, poztasunezkoa, gauzak ondo doazela adierazten du, herria pozik dagoela… Ezpata-dantza, apurka-apurka, gorantz doa, in crescendo, amaierara arte".

Sei bat minutuko obra da. Chirlaqueren esanetan, lehen entzuketan sartzen dena, "jendea parte hartzera animatzen duena". Zuzendariaren esanetan, "Bergarako herriari eta Kilometroak jaian lanean diharduen jendeari esker on modukoa da" Hizkuntza erreinu.

Elkarlanaren fruitu

Sortze prozesuaren gainean, hauxe dio Chirlaquek: "Maddi Iñarrak eta biok oso ondo ulertu dugu elkar, kontuan izanda lehenengo musika egin dugula eta ondoren hitzak. Hark dez dauka musika ikasketarik, baina entzumen eta belarri finekoa da eta berehala harrapatu du. Ez da inolako arazorik egon letra musikari itsasteko; kontrakoa, plazera izan da".

Maddi Iñarrak, berriz, honako hau dio: "Zailena izan da Kilometroak-en eta euskararen aldeko mezua beste era batean adieraztea. Ez nuen nahi obra sinfoniko hau Demasa kantuaren errepikakorra gera zedin. Uste dut lortu dudala antzerako kontzeptuak beste estilo batean transmititzea".

Eta gehitu du: "Demasa kanta informalagoa da, jai girokoa eta dantzatzekoa. Eta letra ere soilagoa eta zuzenagoa da. Obra sinfonikoa, berriz, beste testuinguru batean entzutekoa da, testuinguru formal edo solemneagoan. Beraz, letra ere literarioagoa edo abstraktuagoa da".

Aranzadi Ikastolako ikasle eta irakasle taldeak abestuko du domekan.

Letrak kontatzen duena

Hala azaltzen du Iñarrak: "Adierazi nahi izan dut hizkuntzak egiten gaituela herri, euskarak egiten gaituela euskaldun. Demasa kantuan euskaldun izateaz edo beste edozein hizkuntza komunitate gutxituko kide izateaz, norbere identitateaz harro egoteaz, idatzi nuen gehien bat; gehiengoaren edo talde (hizkuntza komunitate zein beste) handietako parte izan ez arren egin daitekeela bidea. Oraingoan, ordea, azpimarratu nahi izan dut hizkuntza dela kultura baten eta herri baten bihotza. Niretzat hizkuntzak ez dira komunikatzeko tresna hutsak; kultura baten eta mundu ikuskera baten adierazpenak baizik, eta mendeetako jakintza gordetzen dute beraien baitan. Nola utzi hori desagertzen?".

Igandean kontzertura joateko deia

Alfredo Gonzalez Chirlaque: "Jendeari esan nahi diot igandean kontzertura etortzeko, baita Udal Musika Bandaren ohiko emanaldietara etortzeko ohiturarik ez daukanari ere. Egitarau dibertigarria osatu dugu bi zatietarako. Esaterako, Frozen soinu bandaren moldaketa ere eskainiko dugu, Orkestrak eta Bandak elkarrekin. Gainera, ez da emanaldi luzea izango, ordubete ingurukoa, betiko moduan".

Maddi Iñarrak, berriz, zera dio: "Nahiko gustura gelditu naiz egindakoarekin, baina zuzenean eta orkestra guztiarekin behar bezala entzuteko irrikaz nago".

 

Hizkuntza erreinu

 

Zerk egiten du herri bat desberdin (e)ta berezi?

Zerk ematen dio herriari bihotza, arima?

Mende(e)tako jakintza gordailu,

denboran barna zu testigu,

euskara euskaldunon hizkuntza (e)ta erreinu,

bera gabe zer gina(te)ke ba gu.

 

Amak emandako altxorra,

erabiliz hilezkorra,

utziz gero baina

bihurtzen da ahul (e)ta hauskorra

Gure ondarerik bizi eta zaharrena,

belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho pasatzen

iraunaraziko duguna.

 

------

 

Kilometro demasak oinguak Bergaran

herrixa pozik dabil gogotsu lan eta lan

ospatuizu gurekin eta ikusiko dozu nolan

aldapa gogorra be errez asko igotzen dan!

 

Kilometro demasak oinguak Bergaran

herrixa pozik dabil gogotsu lan eta lan

ospatuizu gurekin eta ikusiko dozu nolan

bidia elkarrekin gustorau itxen dan,

nahiz eta urrin juan!

 

Kilometro demasak oinguak Bergaran

herrixa pozik dabil gogotsu lan eta lan

ospatuizu gurekin eta ikusiko dozu nolan

euskeriak itxointzen gaitxuen helmugan

Kilometrotan, Kilometrotan!

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak