Jorge Oteiza maisuaren arte ondarea sakonean aztertuta

Maite Txintxurreta 2016ko eka. 10a, 10:14

Katalogo arrazoituaren aurkezpena Altzuzan

Oteiza. Katalogo arrazoitua lana aurkeztuko da bihar Arantzazun. Txomin Badiola artista bilbotarrak egin du, eta eskultorearen 2.752 lan batzen ditu.

Jorge Oteiza izan da, askoren iritziz, Euskal Herriak eman duen eskulturagilerik onena. Orain, bere lana biltzen duen katalogoa atera da argitara, Txomin Badiola artista ezagunak egina. Altzuzan, Nafarroan, egin zuten katalogoaren lehen aurkezpena, Oteiza museoan hain zuzen, eta bihar eguerdian bigarrena egingo dute Arantzazuko Gandiaga topagunean. Izan ere, santutegi kanpoaldean dauden apostolu ezagunak Oteizaren lanaren ikur garrantzitsua dira.
12:00etan izango da aurkezpena, eta bertan izango dira Badiola bera, lanari buruzko argibideak ematen, baita Rafael Moneo arkitektoa ere, Oteiza Fundazio-Museoko presidente den aldetik.  

Oteizaren katalogo arrazoitua lan mardula da, bi bolumenez osatua, eta eskultorearen 2.752 jasotzen ditu guztira. Hala ere, liburua ez da ohiko katalogo bat. Izan ere, obra guztiei buruzko informazioa eskaintzeaz gai, Badiolak Oteizaren obrak bere testuinguruan kokatu nahi izan ditu, haren bizipen pertsonal, artistiko eta esperimentalekin osatuz. Bestalde, Badiolak berak obra desberdinei buruz idatzitako saiakerak ere tartekatzen dira.

Lanaren hiru edizio egin dira, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, Oteizaren obra hainbat esparrutan zabaltzeko asmotan.

Lanaren prozesua

Duela bederatzi urte hasi zituen Txomin Badiolak Oteiza. Katalogo arrazoitua osatzeko lehen lanak. Hala, 2007tik 2010ra bitartean katalogazio jardunean aritu zen. "Denbora horretan, Oteizaren lanaren konplexutasuna deskribatzeko gai izango ziren hainbat kategoria definitu nituen", azaldu du egileak. Ondoren, datu base bat sortu zuen eta jarraian lan guztiak lokalizatu eta obra bakoitzari buruzko informazioak batzeko lanari ekin zion. "Hiru urtetara, esan daiteke datu baseak masa kritiko nahikoa zuela Oteizaren lanaren ikuspegi nahiko zabal bat eskaintzeko", dio Badiolak. Hala, hurrengo sei hilabetetan publikazioa diseinatu zuen, jasotako informazio guztia "ahalik eta modu argienean" eskaintzeko asmoz.

Artistaren ikuspegia

Mota honetako katalogoak historialariek edota bestelako adituek egin ohi dituzte, eta ez da arruntena lan hori artista batek burutzea. Hala ere, Badiolak dio artista ez den norbaitentzat lan ia ezinezkoa izango zitekeela: "Oteizaren konplexutasuna hain da handia, ezen oso zaila litzatekeela ikuspegi kritiko edo historiko batetik lantzea". Uste du eskultorearen lan prozesuak deskribatzeko ezinbestekoa dela antzeko egoera batean egon izana.

Txomin Badiolak aitortu du katalogo arrazoituaren ekimena ez zela berea izan, eta proposatu ziotenean, hasiera batean ez zuela nahi izan. Gauza bera gertatu zitzaion, azaldu duenez, Bilbo eta New Yorkeko Guggenheim museoetako eta Madrilgo Reina Sofíako Oteizaren erakusketekin, zeinetan Badiolak komisario jardun zuen. Artista bilbotarrak dio lan horiek guztiak egin dituela promotoreek erantzukizun bat egotzi izan diotelako, eta azkenean, erantzukizun horrekiko "sentsibilitatea" tarteko, baiezkoa eman behar izan duela.

Dena den, Badiolak dio "pozik" dagoela lan hauek burutu izanaz, nahiz eta artista batentzat "oso zaila" den "beste artista bat uneoro motxilan eramatea".

 

Francisco Sanchezen 'Ghost Forest' erakusketa aretoan

Francisco Lopez artistak soinuarekin eta musika esperimentalarekin egiten du lan, eta arlo honetan nazioartean ezaguna da. Bada, uztailaren 10era arte bere Ghost Forest soinu instalazioa bisitatzeko aukera dago Arantzazuko erakusketa aretoan. Instalazio hau munduko hainbat basotan grabatutako soinu anbientalez osatuta dago.
Donostia 2016 hiriburutza kulturalaren baitako Entzumen Behatokia ekimenaren parte da erakusketa hau. Ghost Forest Bartzelona, Amsterdam edota Alemania bezalako lekuetan izan da Arantzazura iritsi aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak