Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburua programako Bake-ituna proiektuko ikerketa kasu bat da erakusketa. Gaur egingo dute inaugurazioa, 19:00etan, eta ikusgai egongo da Ormaiztegiko museoan, abuztuaren 23ra arte. Ondoren, Laboratorium museoak hartuko du lekukoa.
Erakusketa honetan, Bergarako behin betiko Hitzarmenaren aurretik, bake-itunak egiteko izan ziren ahaleginak bildu dituzte. Bergarako Besarkadaren keinua da ardatza, duen ikonografia eta bibliografia zabalarekin, eta, horren ondoren, beste “besarkada” batzuk aipatzen dira, kontzeptuaren ikuspegi garaikidea izateko. Horrez gain, Besarkadaren ondorengo oroitzapen-ospakizunak berrikusten dira, Bigarren Karlistaldiaren hasierara arte luzatu baitziren, nahiz eta pixkanaka makaltzen joan, hainbestetan proiektatu baina –behin-behinean izan ezik, lehen urteurrenaren grabatu batean agertzen denez– sekula altxatu ez zen monumentuaren antzera. Keinua eta interpretazioa.
Bergarako Besarkada 1839ko abuztuaren 31n izan zen Bergaran, eta bi egun lehenago Oñatin adostutako hitzarmena berresteko egin zen. Bi armadetako buruek egin zuten keinua, euren printzipioak “prestuki” aldeztu zuten borrokalarien arteko anaitasunaren sinbolo gisa. Egunean zehar, berriz errepikatu zuten imintzioa hiribilduan bildutako batailoien aurrean, batailoiak bezperatik ari baitziren gerraren amaiera eta foruekiko errespetua ospatzen, Felipe María Azkona alkateak balkoitik aldarrikatu zuenez (“foruak, bakea eta adiskidetasuna”, haren hitzetan).
Armada liberaleko eta karlistako buru ziren Baldomero Esparteroren eta Rafael Marotoren arteko Bergarako Besarkadak Lehen Karlistadaren amaiera eszenaratu zuen Euskal Herrian. Don Karlosen jarraitzaileetako batzuek ez zuten Bergarako ituna onartu, baina, dena dela, irtenbidea eman zion gatazkari foru-transakzioaren bidez. Garai hartan, euskal herritar askok onartu zuten irtenbide hori, gogo onez onartu ere, baina foru-transakzioaren kontzeptuari buruz izandako interpretazio desberdinen ondorioz, azkenean, bake-ituna funtsezkoa izan zen sistema ezeztatzeko. Proiektu honi esker, eztabaidan jarri ahal dira Espainiako tronua lortzeko gehienbat Euskal Herrian garatu zen liskarra argituko zuen gerraren amaierari buruzko interpretazio batzuk.