Denboraldi berriko moda joerak kalera

Maite Txintxurreta 2016ko mai. 27a, 12:44
Ninika loradenda arduratuko da gunea apaintzeaz. Irudian, erabiliko duten materiala

Bergara Bizi elkarteak Udaberri eguna antolatu du biharko, arropa eta osagarriak aurkezteko asmoz.

Modaren mundua gustuko dutenentzat egun berezia izango da biharkoa Bergaran. Izan ere, herriko komertzioen alde lan egiten duen Bergara Bizi taldeak pasarela berezi bat antolatu du udaberri-uda denboraldiko arropa eta tendentziak ezagutzera emateko. 20:00etan hasi eta 23:00rarte ez da aspertzeko betarik izango, denetarik egongo bita: desfilea, pop-up azoka, taberna, zuzeneko musika...

Hala, Oxirondo plazan (euria eginez gero azoka barruan) pasarela bat jarriko dute lurraren mailan, eta guztira 68 herritar arituko dira modelo lanetan. Hamazazpi komertziok hartuko dute parte; gehienak arropa dendak, baina baita zapata dendak eta ileapaindegiak ere.

Aipatu bezala, pintxo pote zerbitzua ere izango da Oxirondoko gunean ekimenak dirauen bitartean, Pol-Pol tabernak eskainita. Prezioari dagokionez, pintxoa eta ardoa hartzeak 2 euro balioko du; pintxoa eta garagardoak, berriz, 2,5 euro.
Ekimena are gehiago girotzeko, zuzeneko musika izango da Diablues&Bluecifer eta Arragoa herriko taldeen eskutik.

Hippy erara girotua

Ninika loradendako Ana Pinedak azaldu du gunearen apainketa ere bojo chic estilokoa izango dela, aurkeztuko dituzten arropetariko asko bezala. Hippy estiloko dekorazioa baserrietako elementuekin uztartuko du.

"Izpilikua, kandelak, hortentsiak, lastoa... halako gauzak erabiliko ditugu". Belar artifiziala eta intentsitate baxuko argi zuriak ere jarriko dituzte, baita bi karabana ere, hippie ukitu hori are gehiago igartzeko. Horietako bat taberna izango da.

"Pena da, eguraldi txarra egin ezkero Oxirondoko azoka barruan egin beharko dugula, eta egia esan prestatutako dekorazioa hobeto geratuko litzateke kanpoan", azaldu du loradendakoak.

'Pop-up azoka

Ohiko formatutik aldenduta, pop-up erako azokatxoa ere jarriko dute Oxirondoko gunean, eta herritarrak arropa eta osagarriak begiratu eta erosteko aukera izango dute bertan.

Berritasun handietako bat da komertzio bakoitzak ez duela bere postua jarriko; aldiz, hainbat dendatako produktuak nahastuta egongo dira, nongoak diren zehaztu bari. Hori bai, lau gunetan sailkatuko dute guztia, estiloaren arabera.

Profesionalen gomendioak

Biharko hitzordu honetarako Bergara Bizik prestatutako nobedadeak ez dira hor bukatzen. Izan ere, bihar iluntze-gauean pop up azoka honetan Bilboko Maria Uranga irudi gabineteko bi profesional izango dira personal shopper lanak egiten.

Ekimenaren antolatzaile taldeko Ainhoa Garitanok azaldu du bi profesional horiek herritarrei lagunduko dietela norberari hobeto doakion arropa edota osagarri hori aukeratzen, beti ere norberaren gustuak kontuan izanda . "Esaterako, aurpegiaren tonuaren arabera kolorea aukeratzen lagunduko diete, edota bularraren arabera nolako forma doakion hobeto", azaldu du.

 

Ainhoa Garitano (Bergara Bizi): "Hippy estiloko arropak asko ikusiko ditugu udaberri-uda denboraldian"

Apustu berezia egin dute oraingoan Bergara Bizitik. Ainhoa Garitanok aipatu du herritarren partetik harrera oso ona izaten dutela horrelako egitasmoek.

Formatu berri batekin ausartu zarete. Zein da helburua?

Berrikuntza nagusietako bat da pop-up estiloko dendatxoa jarriko dugula eta Bilbotik bi personal shopper etorriko direla. Hala, personal shopper horiek lagunduko digute gure generoa saltzen. Jendeak galdetu dezake: "eta zergatik ez zarete zuek saltzaileak?"; baina gure ideia da komertzioek bat egitea. Denda bakoitzak bere postua jarri ezkero, jendearen joera da ezagun dituen horietara jotea.

Nolako tendentziak datoz?

Hippie erako arropak asko ikusiko ditugu. Guk lau gune edo estilo desberdindu ditugu: marineroa, txuri-beltza, sport chic eta bojo chic. Urtero daudenak baina ez direnak modaz pasatzen.

Gauza asko antolatzen ari zarete azkenaldian komertzioen elkartetik.

Hala da, eta jendeak gero eta gehiago jarraitzen gaitu eta galdetzen digute ea hurrengo zer izango den. Eta komertzioentzat ere onura dakarrela esango nuke. Jende askok orain esaten dit jada ez dela kanpora joaten erostera, lehenengo herrian begiratzea nahiago dutela. Hori eskertu egiten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak