Ilustrazio zientifikoa landuko dute museoan ekainaren 4an

Julen Iriondo 2016ko mai. 26a, 13:30

Laboratoriumeko jardunaldia 10:00etan hasi eta egun osokoa izango da. Hainbat ekintza izango dira, eta tailerretarako izena eman behar da –943-76 90 03 eta laboratorium@bergara.eus–: marrazketa botanikorako sarrera landuko dute tailerretan.

Laboratorium museoan Loreak asmatzen: Naturzale Europarrak Euskal Herrian izeneko erakusketa dago ikusgai 2016ko martxoaren 18a eta uztailaren 10a bitartean. Horri lotuta, natur zientziei lotutako programa zabala proposatzen du museoak, publiko desberdinei zuzenduta dagoena. Ekainaren 4an marrazketa botanikoaren inguruko topaketa egingo dute.

Marrazketa botanikoak artea eta zientzia, biak, uztartzen ditu. Aspalditik zientzialariek landareak aztertzen dituzte: botanikoek landareen sailkapena, egitura eta funtzioa ikertzen dituzte eta baratzezainek landareen erabilpena eta laborantza ikertzen dituzte. Ilustrazio botanikoak jakintzagai hauetan tresna bat da, landareen erreinua ulertzen laguntzen duena.

Johann Wolfgang (von) Goethe idazle alemaniarra hainbat gaitan izan zen aditua, besteak beste, botanikan eta ilustrazioan. Ilustratzaile zientifikoen arloan oso ezaguna da berak egin zuen aipu hau: “Landare bat ez da guztiz ezagutzen marraztu arte”.

Bergarako Topaketa

Saio batzuk irekiak izango dira (sarrerako hitzaldia, kaleko marrazketa, arratsaldeko bateratze saioa) eta horietan parte hartzeko ez dago izena eman beharrik. Baina egunean zehar egingo diren bi tailerretan parte hartzeko izena eman behar da, eta plazak mugatuak dira.

Egitaraua

Goizean:

10:00

Ongi etorria (Laboratorium museoan, Errekalde jauregia)

10:05 – 11:00

Sarrerako hitzaldia: Ilustrazio botanikoa. Vega Asensio eta Carles Puche marrazkilariak. Gaia: Ilustrazio botanikoa zer den, nola egiten den eta zertarako egiten den; oinarrizko kontzeptuak azaldu eta eguneko ekimenaren helburuak eman. (Saio irekia).

11:00 – 14:00

Kaleko marrazketa librea. Lehen orduan, Vega Asensio eta Carles Puche marrazkilariak, hala nahi duten parte hartzaileekin arituko dira (aukeratu duten espeziaren erreferentziak emanez, beraien lan teknikak azalduz etab...) (jarduera irekia).

12:00 – 14:00

Lehen Tailerra (*); marrazketa zientifikoari sarrera; zuri-beltza. (Izen-ematearekin, plaza mugatuak)

Arratsaldean:

16:30-18:00

Bateratze saioa. Vega Asensio eta Carles Puche marrazkilariek gidatuta. Egunean zehar egindako lanak erakutsi eta komentatuko dira. Honekin batera marrazkilari-irakasle biek euren lanaren aurkezpen bat egingo dute eta ilustrazio zientifikoaren arloan Estatu mailan dagoen egoera ere komentatuko dute. (Saio irekia).

18:00-20:00

Bigarren Tailerra (*); marrazketa zientifikoari sarrera; kolorea. (Izen-ematearekin, plaza mugatuak)

(*) Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da eta 10 € ordaindu (tailer bietarako).

 

Tailerrak

Tailerra bi ataletan bananduta dago: lehenengoan zuri-beltza landuko da eta bigarrenean kolorea. Irakasleek hainbat landare eramango dituzte tailerrera, beharrezko erreferentzia, marrazki, argazki eta bestelako baliabideekin batera. Partaideak nahi duen modeloa aukeratu ahal izango du eta horretan lan egin.

Partaide kopurua: tailer bakoitzeko 30 (15, irakasle bakoitzeko).

 

Tailerretako irakasleak

Bi irakasle izango dira ardura teknikoa izango dutenak, biak ospe handiko zientzia ilustratzaile profesionalak:

  • Vega Asensio (www.norarte.es)
  • Carles Puche (http://estudipuche.com)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak