Bergara Hiriko finalei dagokienez, pilota saileko arduradun Reyes Azkoitiaren arabera batak ere ez du faborito argirik.
Promesa mailan, txapelketako "bi bikote onenak" iritsi direla uste du, "kategoria honetan puntakoak diren lau pilotari": "Final ona izateko osagai denak ditu gaurkoak".
Azkena Rezusta izan zen duela hiru urte, eta aurten, berriz ere, bada aukera bergarar batek etxeko txapelketa irabazteko.
Nagusietan, berriz, hirugarren urtez txapela irabazteko aukera du Gorrotxategik. Aurkariak ere indar askokoak dira, ordea, eta "partidu gogorra" espero du Reyes Azkoitiak: "Murgiondo oso ondo dabil atzean".
Bihar profesionalak
Bihar, berriz, profesionalen jaialdia izango da Udal pilotalekuan, 17:00etan hasita. Eta bertan ikusteko aukera egongo da momentuko pilotaria, Iker Irribarria. Olaizola eta Bengoetxea kanpoan utzita, buruz buruko txapelketako finalerako sailkatu da Aramako pilotaria, 19 urterekin.
Irribarriak Rezustarekin jokatuko du, gainera; kontrario izango dituzte Ezkurdia eta Zabaleta. Estelarraz gain, beste bi partidu ere izango ditu jaialdiak.