Zerua lainotuta egon arren, euriak errespetatu egin du Bitorianatxoren jaitsiera. Udal bandaren musikaz lagunduta egin du Seminarioko teilatutik beherako bidea, eta udaletxeko balkoira heltzean, jaietako protagonistak mikrofonoa eskuan hartu eta aurtengo pregoia bota du, bergarar guztiei zein kanpotik etorritakoei egun hauetan zehar topera disfrutatzeko mezua igorriz.
Koloretako puxikak batetik bestera ibili dira plaza osoan zehar, eta blusak, kamisetak, zapiak, pegatinak... jaietako ohiko jantziak soinean, emakume, gizon, ume eta nagusiek algaraka gozatu dute luzaroan itxarondako momentua. Hala ere, Pazkoak hasi besterik ez dira egin, eta oraindik egun asko dituzte aurretik aurtengo jaiak gogoangarri bihurtzeko.